Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Donostiako oroimen historikoa ezagutzeko bisita gidatuak egin ahal izango dituzte DBH eta batxilergoko ikasleek

Bisita gidatu bat, Parte Zaharrean. (Argazkia: Nagore Koch)

Donostiako Udalak bisita gidatuak antolatu ditu DBH eta batxilergoko ikasleentzat, hiriko oroimen historikoa ezagutu dezaten. Oroimen historikoaren ibilbidea izenburupean, 1936ko estatu kolpearen eta diktadura frankistaren ondoren gertatutakoa ezagutzera emango da.

Giza Eskubideak ezagutzera emateko lanean, eta oroimen historikoa lantzeko ahaleginean, udalari “garrantzitsua” iruditu zaio gazteek 36ko gerrako eta diktadura frankistako gertaera lazgarriak ezagutzea. “Ibilbide honen bidez Donostian gertaturikoa kontatu nahi zaie, bereziki, belaunaldi gazteei”, zehaztu du udalak. 

Donostiako ikasleek aukera izango dute hiriko historia, oroimen historikoa eta giza eskubideen urraketen gaia ezagutzeko, ikastetxetik kanpo historia modu interaktiboan lantzeko eta haiengan jarrera kritikoa sustatzeko. 

Ondorengoak dira ibilaldian zehar bisitatuko diren 36ko estatu kolpeko eta frankismoaren garaiko Donostiako gertaera nagusien guneak: Easo plazako kioskoa (bertan hasiko da ibilaldia), garai bateko suhiltzaileen eraikina (babeslekua), San Jose ikastetxea (atxikitze lekua), San Martzial kalea 48-50 (bonbardaketa lekua), Txurruka kalearen eta Askatasunaren hiribidearen bidegurutzea (komunikabideak eta zentsura), Maria Cristina hotela (borroka lekua), Nautikoaren pasabidea (fusilamendu lekua) eta Omenezko eskultura.

Ibilbideak ordu eta erdiko iraupena izango du eta martxoaren 1etik maiatzaren 31era bitartean, astelehenetik ostiralera izango dira, 9:00etatik 17:00etara, aukeratzen den ordutegian. Izen ematea info@komazk.com helbide elektronikoan edo 943-45 60 00 telefonora deituz egin daiteke.

HITZAkide HITZAkide