Odon Elorzak Espainiako Diputatuen Kongresua utziko du
Odon Elorza Espainiako Diputatuen Kongresuan. (Argazkia: La Sexta) EITBk jakinarazi duenez, Odon Elorza politikari donostiarrak dimisioa eman eta Espainiako Diputatuen Kongresua utziko du. Donostiako alkate izandakoak gutun bat igorri die PSOEko diputatu alderdikideei bere erabakiaren berri emateko.
Maiatzeko udal hauteskundeetan Donostiako PSE-EEren alkategai izateko bere burua aurkeztu zuen Elorzak. Ordea, sozialisten primarioetan militanteek beste lehiakidea babestu zuten. Hau da, Marisol Garmendia, egungo sozialisten udal taldeko bozeramailea eta alkateordea.
Elorza 20 urtez izan zen Donostiako alkate. 1991n iritsi zen alkatetzara, EAJrekin egindako akordio bati esker. 2011ra arte mantendu zen karguan, jeltzaleekin eta PPrekin akordioak eginda. Urte hartan, Bilduk irabazi zituen hauteskundeak, eta Juan Karlos Izagirre izendatu zuten alkate. Ordutik, Espainiako Diputatuen Kongresuan diputatu izan da.


