Kirol Ekintzako langileak mobilizatzen hasi dira "lan baldintza duinak" lortzeko
Donostiako Udaleko Kirol Patronatuaren zerbitzua da, eta 2010. urtetik azpikontrataturiko enpresek kudeatzen dute.
Azken egunotan orri informatibo batzuk agertu dira Donostiako udal kiroldegien sarreretan. Donostia Kirolaren Kirol Ekintza zerbitzuko langileek jarri dute bizi duten egoera salatzeko: “12 urte baino gehiago daramatzagu lan baldintza izoztuekin, eta 2012. urtetik ez dugu soldata igoerarik izan”.
Kirol Ekintza Donostiako Udaleko Kirol Patronatuaren zerbitzua da, eta 2010. urtetik azpikontrataturiko enpresek kudeatzen dute. Ordutik, hiru kontratu adjudikatu ditu udalak zerbitzu hori aurrera eramateko. Kontratu bakoitzeko egiten duen diru ekarpena “nabarmen” igo dela nabarmendu dute udaleko iturriek: “2010ean Fortuna Kirol Elkarteari adjudikatu genion zerbitzua, orduko 22,43 euro (+ BEZa) ordainduta. 2014ean, berriz, Easo Cedesport aldi baterako enpresen elkarteari adjudikatu genion, orduko 24,95 euro (+BEZa) ordainduta. Azkenik, 2018an BPXport enpresari adjudikatu genion kontratua, orduko 30,50 euro (+BEZa) ordainduta”.
Hain zuzen ere, Kirol Ekintzako langileek BPXport enpresarekin dute lan gatazka. “Egoera hau jasanezina da, eta lehenbailehen lan baldintza duinak aplikatzea nahi dugu. Horretarako, gaur egun Kirol Ekintza kudeatzen duen BPXport enpresari gure lan baldintzak berritzeko hitzarmena negoziatzea eskatu genion. Hitzarmen sektoriala negoziatzeko asmoa dutela erantzun ziguten, baina hori ez da nahikoa langileontzat. Ez gaude hitzarmen horren esperoan gelditzeko prest, gure lan baldintzak hobetu nahi ditugu”, adierazi dute.
Gaur egun, langile horiek eskaintzen duten zerbitzuaren berri ere eman dute: “Udaleko Kirol Patronatuaren zerbitzua gara, adin guztietarako, mota guztietako jarduerak eskaintzen dituena: 5 hilabeteko haurretatik hasi eta jende helduenera zuzenduriko eskaintza, uretako eta lehorreko 3.000 jarduera ordu baino gehiagoz osaturikoa, hiriko bederatzi udal kirol instalazioetan”.
Udalaren jarrera
Kirol Ekintzako langileen eta BPXport enpresaren arteko lan gatazka ezagutzen du Donostiako Udalak, baina bi aldeen konpondu beharrekoa dela uste du. “Egia da ez dugula egoera gustuko, baina ulertzen dugu ere guk zerbitzuagatik kontratuan ezarritako ekarpena egiten dugula, eta enpresa kudeatzaileak langileekin dituen hitzarmenen esku gelditzen dela. Ikusiko dugu zertan gelditzen den, baina gaiaren gainean gaude egoerak erabiltzaileengan ahalik eta kalte gutxien eragin dezan, nahiz eta udalaren esku ez egon”, adierazi dio udalak hedabide honi.