Xipri Muñagorri hil da, Groseko militante historikoa
Azken egunera arte mobiliziazioetan parte hartzen, atzo hil zen Xipri Muñagorri Dorronsoro, Groseko ezker abertzaleko militante historikoa.
Bere gertukoek hala kontatuta, duela hiru egun arte kalean zebilen normal-normal, ohikoak zituen mobilizazioetan parte hartzen. Euskaltzale amorratua, azken urteotan pentsiodunen mobilizazioetan aritu da buru-belarri, rol garrantzitsua beteaz.
“Beti zebilen kausa baten alde, edo bestearen alde borrokan” kontatu digute haren lagunek. Groseko ezker abertzalean aritzeaz gain, presoen alde, euskararen alde, metroaren kontra edo aipatu pentsiodunen eskubideen alde, paper garrantzitsua bete izan zuen Dorronsorok Grosen.
1933an Elduaienen (Gipuzkoa) jaioa, Herri Gaztedi erakundeko kide izan zen. Nazioarteko Erakunde Katolikoaak zuen Nekazarien eta Landa Gazte Katolikoen Nazioarteko Mugimenduaren euskal atalak jaso zuen euskarazko izena zen Herri Gaztedi. Gipuzkoan bi kontsiliario zituen, Martin Zamora eta Xipri Muñagorri, 1972ra arte Gazte euskal aldizkaria argitaratu zuen, elizako sektore kontserbadore batek “legez kanpoko propaganda” bezala salatu zuena.
Lagunek azaldu dutenez, “Xipriri ez zitzaion asko gustatzen apaiza izan zela aitortzea”, gerora asko aldatu baitzuen bere pentsakera.
1970eko hamarkadan, Euskal Herritik alde egin behar izan zuen, errepresioaren beldur, eta Bartzelonara joan zen. Han egon zen hogei urtez, harri eta marmol enpresa batean.
Euskal Herrira itzultzean, Grosera joan zen bizitzera, eta bertako mugimendu politikoetan aritu zen buru belarri, oraintxe arte.
Bere gorpua Rekaldeko tanatorioan dago, ostiraleko 14:00ak arte, eta omenaldiko data datozen egunetan iragarriko dute.