Denboraldiko partidarik onena jokatuta irabazi dute
Ibaeta Basketek sekulako erakustaldia eman zuen larunbatean Gernikaren kontra jokaturiko euskal derbian (66-98). Maila oso onean aritu ziren jokalariak, eta bakoitzaren balorazioa zein ekarpena sasoiko onena izan zen. Batez ere, Maria Españak egindako 28 puntuak erabakigarriak izan ziren. Horrela, ligako bederatzigarren garaipena –20 jokatu dituzte–, orain arteko onena da.
Eskubaloian, espero baino gehiago kostatu zitzaion Bera Berari Granollers mendean hartzea (29-26). Hiru goleko aldearekin bukatu zen neurketa, eta nahiko parekatua izan zen. Atsedenaldia 14-12 markagailuarekin bukatu zen, bigarren zatiko partzialak joan-etorrikoak izan ziren. Halere, donostiarrek markagailuari eutsi eta beste garaipen bat poltsikoratu zuten. Arcos izan zen golegile nagusia, zazpirekin.
Futbolean, Realeko bi taldeek ez zuten irabaztea lortu. Neskak 0-2 jarri ziren aurretik Madrilen zelaian, baina etxekoek partida berdintzea lortu zuten. Aukera ona galdu arren, puntuak badu bere garrantzia. Jensenek eta Mirarik egin zituzten txuri-urdinen golak. Gizonezkoen Realak, berriz, porrot mingarria izan zuen atzo Anoetan. Partida ona jokatu arren, izan zituzten aukerak ez zituzten aprobetxatu. Arerioak, berriz, izan zuen aukera bakarrean egin zuen gola. Txuri-urdinek fisikoki dituzten arazoak agerian geratu ziren.
Izotz hockeyan, kopako final-zortzirenetan eskuratu zuten Txuri Urdineko neskek denboraldiko lehen garaipena. Bai, azkenean iritsi da. Milenio Panthers menderatu zuten etxean (2-0). Aldiz, ezin izan zuten asteburua borobildu beste partida galduta, Huarteren aurka (2-3).
EMAITZAK
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 20. jardunaldia
- Gernika 66 – Ibaeta Basket 98
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 13. jardunaldia
- Bera Bera 29 – Granollers 26
Futbola
Emakumezkoen liga, 18. jardunaldia
- Madril 2 – Reala 2
Gizonezkoen liga, 20. jardunaldia
- Reala 0 – Valladolid 1
Izotz hockeya
Emakumezkoen kopa, final-zortzinerak
- Txuri Urdin 2 – Milenio Panthers 0
- Txuri Urdin 2 – Huarte 3