Haur minbiziaren aurkako X. Ipar Martxa egingo dute igandean
Aspanogik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatuta, minbizia duten haurrei elkartasuna adieraziko diete igandean X. Ipar Martxaren bidez. Edizio honek Aspanogiren XXV urteurrenarekin bat egiten du, eta hori dela eta aurtengo leloa 25 urtez piraten alde martxan izango da.
Gaurko aurkezpenean azaldu dutenez, “gizartearen partaidetza bultzatzea helburu elkartasun egitasmo honek haur minbiziaren aurka indarrak batu nahi ditu. Haur minbiziak ez duela ez adina, sexua, erlijio edo talde soziala kontutan hartzen kontzientziarazi nahi diegu Gipuzkoako herritarrei”.
Ipar Martxa adin guztietako pertsonek egin dezakete. “Ez da kirolaria izan behar”, zehaztu dute. Era berean, nabarmendu dute elkartasun martxa hau ez dela lasterketa bat, izan ere, “bi bastoien laguntzarekin edo bastoirik gabe ibilbidea egitean datza”. DYAren presentzia eta laguntza izango da ibilbide guztian zehar edozein ezbehar ekidin edo tratatu ahal izateko.
Izen ematea www.herrikrosa.eus webgunean egin daiteke bost euroren truke. Gainera, Ipar Martxa egin ezin dutenek baina Aspanogirekin kolaboratu nahi dutenek elkartasun dortsala eskuratu ahal izango dute hamar eurorengatik. Lasterketa egunean bertan izena ematen dutenek hamar euro ordaindu beharko dituzte parte hartzeko (adin txikikoek bost euro).
11:00etan emango zaio hasiera Ipar Martxari. Aurretik, Zurriolako hondartzan pirata eta familien laguntzarekin mosaiko bat egingo dute, Haur Minbiziaren Nazioarteko Eguna eta Aspanogiren urteurrena irudikatuz.