Zortzi establezimendu itxi dituzte urtarrilean Donostian
Donostiako saltoki txikiek unerik txarrenetako bat bizi dutela salatu du Ba Gera merkataritza elkarteak, establezimenduak etengabe ixten ari baitira. Soilik zortzi urtean 1.318 denda txiki itxi direla adierazi dute, Eustaten datuetan oinarrituta.
Ba Gera elkarteak azken hilabeteetan “oso gertutik” aztertu du arazo hori, eta sektoreak izan duen bilakaeraren berri eman dute beraien sare sozialetan, Donostian atzematen zituzten itxieren eta horien ondorioen berri emanez. “2023. urte honetan, Donostiako kaleak merkataritzari dagokionez nola eraldatzen ari diren agerian uzteko beharrezko informazioa biltzen jarraituko dugu, hirian saltokien irekieren eta itxieren erregistro bat abian jarriz”, jakinarazi dute.
Urtarrileko datuak
Urtarrileko datuak bildu dituzte dagoeneko, eta horien arabera, hamalau denda berri ireki eta zortzi denda itxi dituzte. “Beraz, sei establezimendu berriren saldo positiboarekin itxi dugu urtarrila”, jakinarazi dute.
Erdialdea da itxiera gehien izan dituen auzoa, sei establezimendu itxi baitira bertan: Casa My Tea (online bakarrik du zerbitzua), Barbara Bitxigintza, Pimkie, Aran Bidaiak, Yoigo eta Bagazo. Parte Zaharrean, Antiguedades 1900 (erretiroagatik itxita) eta Antiguo Cafe de Mario itxi dituzte.
Irekierei dagokionez, establezimendu berri gehien dituen auzoa Gros da, sei establezimendu berrirekin (%43): Takuma, Senide movement, La mas querida, Bakanazo Sandwicheria, Donosti Tropical eta Kookin Donosti.
Bestalde, Amaran, Antiguan, Erdialdean eta Parte Zaharrean bina establezimendu zabaldu dituzte: Nanda Batista edertasun estudioa eta Garbitxatur, Amaran. Tu copisteria online eta Copisteristeri Benta Berri Antigua auzoan, B the Travel Brand eta La Brasa Canalla Erdialdean, eta Tienda a Granel Parte Zaharrean.