Orain, bai: agur esango du bihar Skakeitanek
Skakeitan taldeak iaz iragarri zuen proiektuari amaiera emango ziola, eta agur biran egon dira uda osoa, jo eta su. Azken kontzertu bihar izango da, Astigarragako Oialumen, festa handi bat izango den ziurtasunarekin.
Zuekin azken-azkena izango da kontzertu bereziaren izena, eta iragarri dutenez, ez da kontzertu soila izango: Lagunekin eta bidaikide izandakoekin kontatuko dutela iragarri dute, eta baita, noski, afterparty-arekin. Sarrera guztiak aspaldi agortuta, sarean dabiltza birsalmentetarako deialdiak.
Hedabide honek elkarrizketa luzea egin zien uztailean Skakeitanekoei, euren ibilbidea errepasatuz, Donostiako belaunaldi askorentzat erreferenteak izan direla eta. Egun horretan aurreratu ziguten Donostian egin asmo zutela agur kontzertua, baina hirian ez dagoela euren beharretara egokitutako aretorik. Astigarragara joango beharko dute beraz zaleek, hamalau urteren ostean, taldearen azken-azkenengo zuzenekoaz gozatzera. Donostian, Aste Nagusi Piratan entzun ahal izan zitzaien azkenekoz, eta Flamenka dantzan jarri zuten.
“Indarra dugu gure onena emateko, eta merezi du”