Penak zokora bidaltzeko, inauteriak bederatzi egunez
Udalak eta hiri osoko eragile eta elkarteek antolatuta, inauteriak ospatuko dira berriz ere Donostian. Aurten, bederatzi egunez. Otsailaren 16tik 22ra izango da lehen txanda, sardinaren ehorzketa berriz ere asteartera igaroz. Otsailaren 25ean Loiolako Erriberan, 26an Altzan eta martxoaren 4ean Bidebietan egingo diren jarduerekin borobilduko dira jaiak.
‘Adios al gris’ izena du kartelak [Grisari agur], Cristobal Aguilo Dominguezek egina, eta Jon Insausti kultur zinegotziaren hitzetan, “penak zokora bidaltzeko aitzakia erakusten dute”. Azaldu duenez, parte hartze markak hautsiko dituzte aurtengo inauteriak: 2.180 lagunek hartuko dute parte konpartsen desfilean, %80 emakumeak izango direlarik.
Ostegunean abiatuko da jaia, momo jainkosari egingo zaion ongi etorriarekin. Ostiral Mehean lehertuko da, Ilunben egingo den konpartsen aurkezpenarekin.Hain zuzen, konpartsek Erdialdea hartuko dute larunbatean, igandean eta astelehenean. Hemen ikus daiteke zein izango den hurrenkera.
Insaustik adierazi duenez, konpartsek berrikuntza eta abangoardismoa sustatzen dute, baina, horrez gain, badira hiriaren tradizioari lotutako jarduera ezinbestekoak: Los Bebes de la bulla, Union Artesanaren Lanpernen konpartsa, Oilarren konpartsa, eta abar. Aurten, bigarren aldiz, tradizioa eta berrikuntza uztartzen dituen Añorgako dibertimendua ospatuko da, “finkatzen ari den data dela” erakutsiz.
Momo jainkosa Monica Larreina Lopez dantzaria izango da aurten. 20 urte baino gehiago darama dantza eta ikuskizunen munduan, eta besteak beste, bera da Antiguako Toxic konpartsaren sortzailea. Pozik agertu da prentsaurrean: “Beti esan izan dut ez nuela Momo izan nahi, niri dantzatzea gustazen zaidalako. Orain, ordea, izugarrizko ilusioa egiten dit. Jaiak ezberdin bizitzeko aukera ematen didalako honek”.
Inauterien maitalea da Larreina, eta donostiarrei disfrutatzeko deia egin die, “Inauterietan nahi duguna izan gaitezke!”.