Kolpe gogorra jaso du Realak
Realaren eta Sevillaren arteko partidako une bat. (Argazkia: Reala) Realak egun txarra izan zuen igandean Zubietan, eta 0-3 galdu zuen Sevillaren kontra. Partida garrantzitsua zen, talde andaluziarra aurkari zuzena baita txuri-urdinentzat, baina Natalia Arroyoren neskak ez ziren punturik lortzeko gai izan. Horrela, Sevillak Reala aurreratu du sailkapenean: zazpigarrenak dira andaluziarrak, eta zortzigarrenak donostiarrak, 26 punturekin biak.
Lehenengo zatia parekatua izan zen, baina atsedenaldia heltzear zela, huts eta batekoa sartu zuen Paynek. Kolpe gogorra izan zen, eta saiatu bazien ere, etxekoek ezin izan zioten kolpeari buelta eman. Paynek berak egin zuen bigarrena 56. minutuan, eta Arroyoren taldeak amorerik eman ez bazuen ere, bi goleko aldea azken txanpara arte mantendu zen. Hain zuzen ere, 85. minutuan sartu zuen Gabarrok hirugarren gola, partida erabat itxiz.
Ligako etenaldira porrot batekin joatea ez da samurra, baina indarberritzeko astia izango dute orain txuri-urdinek, eta martxoko lehenengo asteburuan Atletiko Madril garaitzeko gai direla erakutsi beharko dute Zubietan.

