Bidebietako bidegorria eraikitzeko lehiaketa publikoa abiatu du udalak
Donostiako Udalak 2021eko maiatzean iragarri zuen Bidebieta bidegorrien sarean barneratuko zuela. Aldaketak aldaketa, gaur onartu dute bidegorriaren proiektu eguneratuaren obren kontratazio espedientea. Lizitazioaren aurrekontua 513.359 eurokoa da eta gauzatzeko epea lau hilabetekoa.
455 metroko luzera izango du bidegorri zatiak. Azkuene kalearen parean, Donostiaren aldean, izango du abiapuntua bidegorriaren zatiak, Herrerarekin lotzen den bidegorria bukatzen den puntuan. Ibilbidea Pasai San Pedro hiribidearekiko paraleloa izango da, Colombine kalera iritsi arte. Puntu horretan, alde bereko eremu batetik igaroko da, Joan XXI etorbidearekin bat egin arte, Bidebietan.
Bidegorriak gaur egungo antolamenduarekin bat egingo du, lehen 120 metroak ia horizontalak baitira. Pasai San Pedro hiribidea zeharkatu ondoren, trazadura igotzen hasiko da, %6tik beherako maldarekin. Trazaduraren azken 50 metroetan malda handiagoa izango du: %7,40 azken zatiaren lehen erdian eta %11,32 azken 25 metroetan. Lehenengo 300 metroko bidegorria bizikletentzat bakarrik izango da, eta 2,50 metroko zabalera izango du trazaduraren zatirik handienean.