Next Generation funtsek etxerik gabeko pertsonak kanpoan utziko dituztela salatu du SOS Arrazakeriak
Etxerik gabeko pertsona batzuk, Donostian.Irutxuloko Hitza Next Generation funtsekin Donostian finantzatutako proiektuak aurkeztu berri ditu Eneko Goia alkateak, eta SOS Arrazakeriak salatu du etxerik gabeko pertsonak funts horietatik kanpo geratu direla. “Udal honek ez ditu Donostiako bizilaguntzat hartzen”, deitoratu du elkarteak.
SOS Arrazakeriak ohar baten bidez azaldu duenez, partida bakarra dago, Egiako Villa Salia eraberritzearena, udalak aspaldi onartu eta aurrekontuetan sartu zuena. Egoera ahulean dauden adingabeak dituzten familiek erabiltzeko bideratua dago eta, aldi berean, etxerik gabeko pertsonentzako eguneko zentro gisa balio du.
Etxerik ez duten pertsonek “bizitoki duinik” eta “elikadurarik eza arintzeko” egitasmorik ez izatea salatu dute, “Euskal Autonomia Erkidegoan egoera horretan dauden pertsonen kopuru handienaren errekor tristea duen hirian”.
Euren ustez, “argi” dago Donostiako Udalak ez duela inola ere egoera hori eten edo gutxitu nahi. “Ez da finantziazio falta. Borondate politiko eza da”, adierazi dute.
SOS Arrazakeriak berretsi du premiazkoa dela administrazio guztiak inplikatzea premia horiei erantzuteko. “Erabat krudela da mila milioidun aurrekontuak dituen gizarte bat (Eusko Jaurlaritza, 14.250 milioi; Foru Aldundia, 1.129 milioi; Donostiako Udala, 462 milioi, eta gainerako udalak eta aldundiak) ez izatea gai behar horietarako behar adina partida bideratzeko”, deitoratu dute.
Zentzu horretan, egoera horrekin amaitzeko funtsak arbitratzea eskatu dute.

