Añorga Txikiko etxebizitzen proiektua salatzeko giza katea egingo dute hilaren 25ean

Otsaila hasieran, Atxiki Añorga mugimenduak jakinarazi zuen Donostiako Udalak eraikuntza enpresaren asmoa lehenetsi eta etxebizitzak egingo dituela Añorga Txikin. Erabaki horren kontra, hilaren 25ean giza kate bat egingo dute. Añorgatik udaletxe aurreraino joango dira, trenez eta autobusez. 17:30ean elkartuko dira Bulebarrean, eta auzotarrei zarata egiteko tresnak eramateko esan diete.
Urtarrilaren 17an bilera bat egin zuten Donostiako Udaleko ordezkariek eta Añorgako hainbat elkartek. Horren inguruko balorazioa plazaratu zuen Atxiki Añorgak: “Udalak Añorga Txiki auzoaren bizigarritasuna sakrifikatuko du, auzokideek plazaratutako arazoei muzin eginez. Eraikuntza enpresari aurretik onartutako negozio eskubidea lehenesten du udalak”. Ondorioz, udalak 250 etxebizitza inguru eraikitzeko asmoari eusten dio Añorga Txikin. “Hurrengo pausoak emateko intentzioa dute, eta hori maiatzeko udal hauteskundeen aurretik egin nahi dute”, salatu dute.
Hirigintza proiektua
Donostiako Udalak 2021eko martxoaren 9an eman zion hasierako onarpena Añorgako Geltokia azpieremuko hiri antolamenduko plan bereziari. Ordutik, Añorgako bizilagunak proiektu horren aurka agertu dira. Atxiki Añorga auzo mugimendua sortu zuten, eta hainbat mobilizazio egin dituzte.