Gasteizko euskal derbian Ibaeta Basket garaile

IbaetaBasket_Araski (Argazkia: Ibaeta Basket)

Etxeko porrota, etxetik kanpoko garaipenarekin ahaztu zuten. Ibaeta Basketek Araski menderatu zuen atzo arratsaldean, Mendizorrotza kiroldegian (73-81). Donostiarrek hasieratik agindu zuten markagailuan, eta errenta ederki baliatu zuten garaipena ziurtatzeko. Cuic (22 puntu) eta Cardaño (16 puntu) izan ziren jokalari erabakigarrienak. Iragan ostegunean, Bartzelonaren kontra galdu ostean, euskal derbian ez zuten hutsik egin.

Futbolean, Realeko mutilek bi puntu galdu zituzten luzapen denboran. Celtaren kontrako berdinketak (1-1), zapore gazi-gozoa utzi zion taldeari eta Anoetara hurbildutako zaleei. Neurketa hasi eta gutxia aurreratu ziren markagailuan txuri-urdinak. Oiartzabal kapitainak egin zuen gola. Hortik aurrera, abantailarekin jokatu arren, Reala ez zen gai izan bigarren gol bat egiteko. Celtak ere bere aukerak izan zituen, baina azken minutuetan lortu zuten berdinketa. Le Normand atzelari txuri-urdinak bere atean sartu zuen baloia. Berdinketarekin, Realak hirugarren jarraitzen du, baina atzetik datozen taldeek ez zuten hutsik egin. Atletico Madril eta Betis hurbildu egin dira.

Eskubaloian, mozorrorik gabe aritu zen Bera Bera Tolosako Usabal kiroldegian Errioxaren aurka. Donostiako taldeak aise hartu zuen mendean aurkaria (33-16). Ohorezko mailako liderrak partida txukuna jokatu zuen etxetik kanpo, baina etxeko gisa. Arcos, Erauskin, Arrojeria eta Hernandez jokalarien golak erabakigarriak izan ziren. Garaipen borobilari esker lidergoa are gehiago sendotu dute.

Izotz hockeyan, ligako play offak jokatzeko aukerak ihes egin die Txuri Urdineko mutilei. Puigcerdari irabaztea ezinbestekoa zen helburu hori lortzeko, baina galdu egin zuten larunbat gauean (8-5). Partida parekatua izan arren, kataluniarrek joko maila hobea erakutsi zuten. Ligako azken partida falta zaio Txuri Urdini, eta hori Huarteren kontra izango da datorren asteburuan. Fase erregularra bosgarren tokian bukatzea izango dute jokoan.

EMAITZAK

Saskibaloia

Emakumezkoen liga, 22. jardunaldia

  • Araski 73 – Ibaeta Basket 81

Futbola

Gizonezkoen liga, 22. jardunaldia

  • Reala 1 – Celta 1

Eskubaloia

Emakumezkoen ohorezko maila, 15. jardunaldia

  • Bera Bera 33 – Errioxa 16

Izotz hockeya

Gizonezkoen liga, 19. jardunaldia

  • Puigcerda 8 – Txuri Urdin 5
HITZAkide HITZAkide