Donostiako Udaleko osoko bilkurak "probokaziotzat" jo du Donostian egingo den ekitaldi ultraeskuindarra
Otsailaren 23an Donostian egingo den ekitaldi ultraeskuindarraren harira, EH Bilduk adierazpen bat aurkeztu du bozeramaileen batzordean. Udal talde guztiek adierazpenaren aldeko botoa eman dute, PP-k izan ezik.
Alvaro Romero frankistak, Jesus Longueira Polizia Nazionaleko agente ultraeskuindarrak eta Martin Saenz de Ynestrillas enpresaburu ultraeskuindarrak hartuko dute parte otsailaren 23ko ekitaldi horretan. Hasieran, ETA, ni olvido ni perdón liburua aurkeztu behar zuten Donostian, baina azkenean Bilbon egingo dute aurkezpen hori. Hala ere, Alderdi Ederren “ETAren biktimen omenezko lore eskaintza” bat egingo dute.
EH Bilduren adierazpenaren arabera, ekitaldia iragartzeko erabiltzen ari diren zenbait mezu ikusita, “ekitaldi horren helburu nagusia, frankismoa eta gerra zikina goraipatzeaz gain, euskal herritar eta donostiar sektore askoren eskubide zibil eta politikoak ezabatzeko eskatzea da”.
Hori dela eta, bi adierazpen irmo egin dituzte. Batetik, Donostiako Udaleko osoko bilkurak “probokaziotzat” jotzen duela eta “arbuiatzen” duela otsailaren 23an Donostian egingo den ekimen ultraeskuindarra. Eta bestetik, Donostiako Udaleko osoko bilkurak berretsi egiten duela memoria historikoarekiko, antifaxismoarekiko, bake balioekiko eta pertsona guztien giza eskubideekiko bere “konpromiso irmoa”.