Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek protestak egiteari utziko diote bi hilabetez
Osakidetzako Donostialdeko ESIko zerbitzuburu batzuen elkarretaratze bat, Donostia ospitalearen aurrean. Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek asteleheneroko protesta egin dute gaur (hilak 27) Donostia ospitalearen aurrean, eta iragarri dute datozen bi hilabeteetan ez dutela protestekin jarraituko, Osakidetzaren aldetik “zehaztapen txikiak” daudelako. Zerbitzuburuen bozeramaile Jon Zabaletak egin ditu adierazpenak hedabideen aurrean, eta azaldu du Osakidetzak bidali dien azken aktan “zehaztapen txikiak” daudela, nahiz eta ez den zerbitzuburuek “nahi bezainbeste aurreratu”.
Esan duenez, “lantaldeei tarte bat emateko” etengo dituzte protestak, ikusi nahi dutelako ea Osakidetzaren aktan jaso eta sinatu dituzten zehaztapenak “zehaztu eta konpromisoak betetzen diren”. Bi hilabeteak pasatzean, egoera aztertuko dute zerbitzuburuek, eta aurrerapausoak ematen badira, protestak behin betikoz utziko dituzte bertan behera.
Zabaletaren arabera, desadostasunaren puntuetako bat batzorde kliniko asistentzialari buruzkoa zen, baina batzorde horretan aurrerapausoak ematen ari dira; hala ere, “bi hilabeteren buruan ikusi beharko da zehaztu den”, ohartarazi du bozeramaileak. Beste puntu gatazkatsu bat LEParen ondorengo gaikuntza espezifikoko lanpostuei buruzkoa zen, besteak beste, Osakidetzaren aurreko aktak zioelako asistentzia arazoak egonez gero, “ahal den guztietan” ebatziko lituzketela. Ordea, Osakidetzaren azken aktak dio lanpostuak “sarearen baliabideekin” beteko dituztela. Halaber, terapia berezietarako erreferentzia unitateak irizpide tekniko independenteen arabera kokatzearen desadostasunari buruz, Zabaletak adierazi du aurrerapauso gutxien ikusi dituzten arloa dela, baina Osasun Sailak arazoa konpontzeko borondatea adierazi duela.

