Donostiarra izan da azkarrena Hondarribiko XXIII. Traineru Jaitsieran
Donostia Arraun Lagunak hirugarren izan da emakumezkoetan, eta Donostiarrako mutilak bigarren geratu dira Hondarribia irabazlearen atzetik.
Donostiarrako neskak irabazitako ikurrinarekin, Hondarribian. (Argazkia: Hondarribia Arraun Elkartea) Denboraldiaurrean murgilduta dabiltza traineruak, eta prestakuntza gisa egiten ari dira ohiko jaitsierak. Larunbatean, Hondarribiko XXIII. Traineru Jaitsiera jokatu zen Txingudiko badian, eta etxeko taldea izan zen onena gizonezkoetan, eta Donostiarra emakumezkoetan. Aldiz, Fortuna izan zen onena beteranoen kategorian. Guztira, 42 traineruk parte zuten.
Euskotren ligak izango duen aldaketari begira –zortzi trainerukoa izango da–, Donostiarrako neskak gainerakoen aurretik daudela erakusten ari dira. Urtarrila bukaeran Portugaleteko jaitsiera irabazi zuten, alde nabarmenarekin, eta pasa den larunbatean antzerako jaitsiera egin zuten. Denborarik onena lortu zuten, 14 minutu eta 39 segundorekin. Bigarren sailkatu zen Orio (14:59 +20) eta hirugarren Donostia Arraun Lagunak (15:00 +21).
Gizonezkoetan, Hondarribia etxeko taldea izan zen azkarrena (19:56), eta Donostiarraren lehen taldea izan zen bigarrena (20:07 +10), eta bigarren taldea hemezortzigarren (21:52 +1.56).

