Kirol Ekintzako langileek elkarretaratzea egin dute udaleko kirol patronatuaren aurrean
Donostiako Kirol Ekintza zerbitzuko langileak kalera atera dira “lan baldintza duinak” lortzeko. LAB eta ELA sindikatuen babesarekin, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Udal Kirol Patronatuaren aurrean, Amara Berrin. Hedabide honek lan gatazka honen berri eman zuen otsaila hasieran.
Kirol Ekintza Donostiako Udaleko Kirol Patronatuaren zerbitzua da, eta 2010. urtetik azpikontrataturiko enpresek kudeatzen dute. “Bi hitzarmen desberdin aplikatu ahal dizkigute –Gipuzkoako Titularitate Publikoko Kirol Instalazioak eta Kirol eta Ikuskizun Lokalak–, lanpostura noiz sartu izanaren arabera. Gainera, hitzarmen horiek erabat zaharkituta gelditu dira: 2010-2012 urteetarako sinatu ziren eta ez dira berritu. Geroztik, bizitza erabat aldatu da eta gure lan baldintzak hartara egokitu behar direla defendatu izan dugu beti”, adierazi dute langileek.
Azken urteetan, Easo eta BPXport enpresekin hitzarmen berriak negoziatzen saiatu dira. “12 urte baino gehiago daramatzagu lan baldintza izoztuekin, eta 2012. urtetik ez dugu soldata igoerarik izan”, salatu dute. 2018tik BPXport enpresak kudeatzen du Kirol Ekintza zerbitzua. “Hainbatetan adierazi diegu gure lan baldintzak berritu eta duinduko dituen hitzarmena sinatzeko borondatea. Are gehiago, Donostiako Udal Kirol Patronatura ere jo dugu, gure asmoa zein den adierazteko helburuz”, azaldu dute. “Hitzarmen sektoriala negoziatzeko asmoa dutela erantzun ziguten, baina hori ez da nahikoa langileontzat. Ez gaude hitzarmen horren esperoan gelditzeko prest, gure lan baldintzak hobetu nahi ditugu”.
Mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Martxoaren 2an, berriz ere, elkarretaratzea egingo dute kirol patronatuaren aurrean, 12:30ean. Bestalde, martxoaren 4an, manifestazio bat egingo dute.