Koldo Mitxelena Aste Santuaren ondoren itxiko dute
Bost eraikuntza enpresa aurkeztu dira eraikinaren berritze lanak egiteko; obrak iraungo duten ia bi urteetan, eraikina erabat itxita egongo da.
Cycasa-Comsa Koldo ABEEa (Aldi Baterako Enpresa Elkartea), Moyua-Jaizubia Amenabar, Ormak, SLU eta Altuna Y Uria Accionak aurkeztu dizkiote eskaintzak Gipuzkoako Foru Aldundiari.
1993an inauguratu zuten Koldo Mitxelena Kulturunea, eta Aldundiaren arabera, klimatizazioan baditu zuzendu beharreko hutsuneak, eta irisgarritasunaren inguruko araudia ez du betetzen. Eraikinaren fatxada indartzea beharrezkoa dela azaldu du, zati batzuk erori egin direlako. Lanak egiteko epea ia bi urtekoa da: 21 hilabeteko lanak aurreikusi dituzte. Aurrekontua 8,4 milioi eurokoa da. Eraikina erabat itxita egongo da berritze lanak egiten ari diren bitartean.
Obrak egiten diren bitartean, liburuak mailegatzeko zerbitzua Komikigunera eramango da, Errege Katolikoen kalera; eta jarduera aretoaren programazioa Parte Zaharreko Santa Teresa komentuan egingo da. Liburutegiko zerbitzu teknikoak, ikertzaileentzako arreta eta infoteka Villa Asuncionera eramango dira, Mirakruz Gainera, eta funts historikoa eta ondarezkoa Oñatiko Gipuzkoako Probintziako Artxibo Historikoan egongo dira, baina ikertzaileek dokumentuak eskatu ahal izango dituzte.

