Santa Maria elizako organoa berritu dute
Bi urteko berritze lanak egin ondoren, ostiralean berriz entzun ahal izango da Santa Maria elizako organoa. 1863ko ekainaren 20an eskuratu zuten musika tresna. Parisko Cavaille-Coll etxeari eskatu zitzaion, garai hartan Santa Maria elizan zeukaten XIX mendeko organo zaharra ordezkatzeko. Denis Lacorre etxeak egin ditu zaharberritze lanak, eta aurreikusi dute gutxienez beste 150 urte iraungo duela.
Edorta Kortadi Santa Maria elizako parrokoak iragarri du musika tresna bedeinkatuko dutela ostiral goizean, 11:30ean. Arratsaldean, Tolosako (Okzitania) Saint Sermin elizako organista izango da Santa Marian, eta organo zaharberritua joko du arratsaldean, 20:00etan. Johan Sebastian Bach eta Cesar Francken piezak joko ditu emanaldian.
Egun lau organistak ezagutzen dute Santa Mariako musika tresna: Loreto Aramendi, Gorka Cuesta, Ana Belen Garcia eta Alize Mendizabalek. Lacorre arte lanen zaharberritzaileak azaldu du oso musika tresna konpletoa dela, baina konplexua dela erabilerari dagokionez: “Organo hauek oso gogorrak dira, eta organistak musika tresnara ohitzea lortu behar du”.
Guztira 600.000 euroko kostua izan du zaharberritzeak. Diruz lagundu dute Gipuzkoako Foru Aldundiak (300.000 euro) eta Donostiako Udalak (150.000 euro). Beste guztia Santa Maria elizak ordaindu du. Dirua lortzeko, sinbolikoki saldu egin zituen organoaren hodiak (270 baino gehiago).