6.000 emakumek hartuko dute parte Lilatoian
33. Lilatoiak Donostiako kaleak beteko ditu etzi, beste behin ere. Pandemiaren aurreko parte hartzaile kopurua berreskuratu du emakumeen herri lasterketak, eta proba "osasuntsu" dagoela nabarmendu du Donostiako Atleticok.
Lilatoiaren parte hartzaile kopurua bere mugara iritsi zen 2020an, 6.000 izen emateen langa pasatuz. Ordea, pandemia iritsi zen, eta 2021ean modu birtualean egin behar izan zuten. Iaz, kaleak hartu zituzten berriz ere milaka emakumek, baina ez ziren pandemiaren aurreko errekorrera iritsi. Aldiz, oraingoan bai, 2020ko parte hartzaile kopuru antzekoa izango du emakumeen herri lasterketak.
Hori da gehienezko kopurua, Lilatoiaren antolatzaile Donostiako Atleticoko kide Ander Eizagirrek aurkezpenean azaldu zuenez: “Kopuru horretatik gora, ezingo genuke denon segurtasuna bermatu”.
Kiroletako zinegotzi Martin Ibabek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kiroletako zuzendari Goizane Alvarezek eta Laboral Kutxako Arantxa Olaizolak ere hitza hartu zuten, eta denek nabarmendu zuten Lilatoia “kirol proba bat baino askoz gehiago” dela, “gizarte berdinzaleago eta feministago bat lortzeko aldarrikapenerako espazio bat” ere badelako. Halaber, Alvarezek gaineratu zuen proba aproposa dela “oso aktiboak ez diren emakumeak kirolaren munduan murgiltzeko, lagun edo familia artean egin daitekeelako”.
Zumba, Lila potea eta beste
Azken urteotan egin duten moduan, igandean goizean goizetik hasiko dira Lilatoirako berotzen, 09:40ean hasiko baitira zumba beroketa saioarekin, Bulebarrean. Handik ordubete ingurura hasiko da proba bera, 10:25ean abiatuko baitira esku bizikleta modalitateko parte hartzaileak, eta 10:30ean gainerakoak. Ohiko legez, bost kilometro izango ditu ibilbideak, eta 11:30ean egingo dute sari banaketa, udaletxeko balkoian, Emakumeen Etxeko batukadak girotuta. Adin tarteen arabera banatuko dituzte sariak, eta hiru talde jendetsuenek ere saria izango dute.
Bestalde, Lila potea berreskuratu dute, probaren ondoren ere giroa egon dadin Parte Zaharrean. Ordizi (12:30ean), Erniope (13:15ean), Basati (14:00etan), Herria (14:45ean) eta Aurresku (15:30ean) tabernetan egingo dute poteoa, trikitilariek girotuta.
Horrez gain, dutxa eta kontsigna zerbitzuak eskainiko dituzte. Dutxak Paco Yoldi kiroldegian eta Anoetako belodromoan egongo dira erabilgarri, eta kontsignak Gipuzkoa plazan, 09:00etatik 12:00etara.
Euro solidarioa
Aurten ere euro solidarioa izango dute, hau da, izen emate bakoitzetik, euro bat egitasmo solidario batera bideratuko dute. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioarentzako izango da aurtengo euro solidarioa, Olaizolaren hitzetan, euren lana “kiroletik harago” doalako. Federazioak ibilgailu berri bat erosi ahal izatea da helburua, “kirolariak leku batetik bestera eramateko, daukatena oso zaharra baita dagoeneko»”.
Lilatoia “osasuntsu” dago
6.000 parte hartzaileen mugara itzulita, proba «osasuntsu» dagoela nabarmendu zuen Eizagirrek. Izan ere, gogorarazi zuen “150 parte hartzailerekin” hasi zela Lilatoia.
1989an egin zuten estreinakoz, baina orduan ez zuen Donostiako Atleticok antolatzen (klubak zortzi urte daramatza Lilatoia kudeatzen). Hain zuzen ere, mugimendu feministatik sortu zen Lilatoia, kirolaren bidez emakumeek kalea har zezaten, euren eskubideen alde.
Urteroko legez, Hitza taldeak Lilatoian parte hartuko du. Hitza guztiek elkarlanean antolatzen dute taldea, eta hainbat eskualdetatik etorriko dira parte hartzaileak: sei Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdetik, sei Donostiatik, hiru Urola Kostatik, bi Oarsoaldetik eta bat Tolosaldetik. Parte hartzaileak Santa Katalina plazatxoan elkartuko dira 09:30ean, kamisetak jasotzeko eta argazkia egiteko.