Alberto Lizarralde musikariaren 'Haizetxe' kalean da
Alberto Lizarralde donostiarrak, bere lehen lana argitaratu du Hegoa Diskak diskoetxearekin. Musikari beteranoa den arren, orain arte ez zuen sekula lanik argitaratu –bere Soundcloud-ean soilik, Axut izenpean–.
Mikel Acostak Londresen sortu zuen Hegoa Diskak-en lanari esker, argitaratu da Haizetxe, Lizarraldek, izen bera duen Zaldibiako etxean, 1984 eta 1994 urteen artean grabatutako pieza instrumentalekin. Soinu paisaia anitzen bitartez, garairako oso abangoardistak ziren soinuekin, aktualitate handiko lana kaleratu du Lizarraldek. Denbora horretan guztian musika konposatzen eta grabatzen aritu zen, baina inoiz ez zen argitaratzeko zirkunstantzia egokirik izan, orain arte.
Alberto Lizarralde ez da oso ezaguna publiko zabalarentzat, baina bai Euskal Herriko musikarientzat. Besteak beste, Amaia Zubiriarekin, Imanol Larzabalekin eta Beñat Achiaryrekin kolaboratu du,eta Ikimilikilikik jA Artzeren unibertsoa erakusketa gidatu zuen, Morgan ekoiztetxearekin batera, bertako soinu paisaiak sortuz. Berak sortu zuen Euskal Herriko lehen jazz musika eskola, Egia auzoko Aldakonea kalean zegoen Jazzle. Sorkunde Idigorasekin batera, Plaza musika inoprobisatuen jaialdia antolatu zuen hainbat urtez Donostian, eta bertatik abiatu zuten Zirrara disko bilduma. Azken aldian, Bi Zaldi eta Physis Versus Nomos-en diskoak ekoitzi ditu, besteak beste.