Udaletik berdintasuna eta jabekuntza sustatuz
Donostiako Udaleko Berdintasun Sailak urte osoan egiten du lan berdintasunaren alde, besteak beste, Emakumeen Etxean eta etxearen bitartez. Martxoaren 8an mugimendu feministak protagonismoa hartu dezan, udalak ez du mobilizaziorik antolatu.
Manresako talde bortxaketa salatzeko elkarretaratzea Alderdi Ederren. (Argazkia: Emakumeen Etxea) Berdintasun Sailak, Martxoaren 8an, emakumeentzat «hain garrantzitsuak diren jabetze prozesuei egin nahi die keinua». Jabetze prozesuak hainbat gaietan eman behar dira eta «aisia eta kirola ere» lantzeko eremuak direla uste du Ane Oiarbide berdintasun zinegotziak. Aurten, Emakumeak blai leloaren bueltan, uraren bidez lantzen diren hainbat jabekuntza prozesu eskainiko ditu udalak. Emakumeak Blai ikus-entzunezkoa eta mahai ingurua antolatu dituzte, emakumeek XX. mende amaieran itsasoarekin zuten harremana erakusten duen filma, hain zuzen.
Askotariko jarduerak
Hitzaldiaz gain, hainbat jarduera biltzen dituen egitarau bat osatu du udalak: filmak, parkour saioa, autodefentsa feminista tailerrak, hiriko Haurtxoko eta Gazteleku sareko ekitaldiak, etab.
Berdintasun Sailak urteak daramatza autodefentsa feminista lantzen, eta «lan ildo garrantzitsu» bat bilakatu da. Sailak tailerrak antolatzen ditu urtero, eta, horietan, indarkeria matxistak identifikatzeko eta horiei aurre egiteko lan egiten da. Oiarbideren arabera, hauek dira tailerrik «arrakastatsuenak».
Udalak ez du mobilizazio propiorik egingo, eta «hala behar du izan» Oiarbideren hitzetan: «Egun honetako protagonismoa emakumeek eta mugimendu feministak izan behar dutelako, eta ez erakundeek». Antiguatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute, baita 17:30ean Emakumeen Etxeko Blokearekin bat egitekoa ere.


