Ufak eta ufadak
(Argazkia: Joseba Parron) Ufa! Hotza! Ufa! Negua! Ufa! Elurra! Ufa, argazki bat hemen! Ufa, beste argazki bat han! Ufa, kazetariak bidali elurretara. Ufa, Bulegoren Maluta kanta Instagramen. Ufa, “ni egunero bainatzen naiz Kontxan, berdin du zer eguraldi egiten duen” gizona.
Ufa eta ufa, pozaren pozez heltzen da elurra eta errepikatzen da urteroko poz antzerkia, marmotaren egunekoa dirudien pozez. Baina, zintzoki, nekatzen nau jada bizi dudala sentitzen dudan egun bat biziko dudala jakiteak. Ez dugu autentiko antzerkirik egin beharrik ere e, baina nik zer dakit, noizean behin bada ere, egun bereziek duten gidoia ez bagenu antzeztuko? Adibidez: elur egunetan, soldatapeko lana debekatu eta derrigorrezko jai eguna.
Horrela, dena barreiatu eta zerotik hasiko duen haize ufada baten zain egoten naiz maiz. Inor animatzen al da elkarrekin ufa egitera?


