"Zaintzari emango diogu lehentasuna M-8an"
Azken urteotan Martxoaren 8koak dira Donostiako manifestazio jendetsuenak. Donostiako Asanblada feministak antolatzen ditu, eta bertako kide da Bilgune Feministako Elene Lopetegi (Gros, 1995). Antiguako tuneletik abiatuko da manifestazioa, 18:30ean, eta zaintzak erdigunera igarotzea aldarrikatuko dute.
Elene Lopetegi, Bilgune Feministako kidea. (Argazkia: Xalba Ramirez) Nola prestatu duzue Martxoaren 8a?
Eragile eta norbanakoek parte hartzen dute Donostiako Asanblada Feministan, eta nahiko ziklikoa da parte hartzea. Pandemia bukatu zenetik kostatzen ari zaigu erritmoa hartzea, aurretik goranzko joera bat zegoelako, tartean bi greba feministekin. Jende pilo bat joaten zen asanbladetara, eta abar. Hala ere, Martxoaren 8ak izugarrizko erreferentzialtasuna hartu du, eta badakigu jendea azalduko dela. Antiguatik antolatu dugu hain zuzen horregatik, jendetza espero dugu eta.
Zein helburu jarri dizkiozue egunari?
Zaintzari emango diogu lehentasuna Martxoaren 8an. Duela hilabete gutxi Bizitzak Erdigunera prozesua abiatu genuen Euskal Herri mailan. Dinamika gisa aurkeztu da orain, baina sorrera pandemia garaian izan zen, Bizitzak Erdigunera plataformarekin.
Iaz Gasteizen zaintzari buruzko jardunaldi batzuk egin genituen; 90 lagun bildu ginen, eragile ezberdinetakoak, eta kristorena izan zen. Bertatik dosier handi bat egin genuen, gaia lantzeko. Hiru ildo garatzea erabaki zen bertan: herri-akordio bat egitea, ILP bat sortzea eta mobilizazio handi bat egitea. Hori nola kudeatu erabakitzeko herrialdeko asanbladak egin ditugu, eta hortik dator gaiari zentralitatea emateko erabakia.
Nola kokatzen duzue zaintzaren problematika?
Gai ezberdinak daude, baina esaten dugunean publiko-komunitarioa izango dela, ari gara erreferentzia egiten zaintza nola dagoen legearen barruan eta zer esplotazio dauden eta zer eskumen dauden, eta hori nola joan gaitezkeen aldatzen instituzioetatik zaintzaren enpleguari dagokionean. Bestetik, pribatizazioaren gaia dago: jendea izugarrizko negozioak sortzen ari da, zaintzaren bueltan, eta, gainera, komunitarioaren diskurtsoa kapitalizatuz. Diote erresidentzia pribatuan espazio komunitarioak daudela eta abar, baina azken finean zahar-etxe pribatu bat besterik ez da.
Zer proposatzen duzue?
Urgentziazko neurriak behar ditugu: jendea esplotatuta dago, eta hori ezin da onartu. Etxez etxeko langile zerbitzua, edo barneko-lana ezabatzea da gure aldarrikapen maximoa, baina noski, ezin da egun batetik bestera lortu.
Gure eztabaida orain da ea zeintzuk diren urgentziazko aldarrikapenak. Gainera, batzuk errazagoak dira, udalaren eskumenak direlako, baina beste batzuk estatu mailakoak dira, Atzerritarren legearen abolizioa, adibidez.
Aldarrikapen zehatzik egingo duzue?
Zaintza publiko-komunitario proposamena ahalik eta gehien lurreratu nahi dugu tokiko gaietan. Donostian, adibidez, erresidentzien adibideak ditugu, eta hitz egingo dugu ere etxebizitzaz, turistifikazioaz. Zaintzen barruan hirigintzaz hitz egin dezakegu: zer arkitektura dira posible bizitza komunitarioak egiteko eta zeintzuk ez?
Nola lotzen duzue zaintza etxebizitzaren auziarekin?
Askotan ulertzen da zaintza bakarrik dependentzia bat duen pertsona bati egin behar zaionarekin. Umea zarenean bizirauteko ezinbesteko zaintza, zaharra zarenean duzun mendekotasuna, edota bestelako aniztasun funtzionalak dituen jendearen bestelako zaintza hori. Baina zaintza bada gure bizitza duina izateko eta sostengatzeko ezinbesteko gaia, eta, tartean, etxebizitza. Etxebizitza oinarrizko eskubidea bada, zaintzaren barruan sartzen da.
Zein aldarrikapen ekarriko dituzue hirira?
Batzuetan gai abstraktua dirudi, orain arte mugimendu feminista ez delako ohituta egon neurri zehatzak eskatzera, pentsiodunen moduan, adibidez, 1.080 euroko pentsioaren aldarrikapenarekin. Guk, sistema publiko baterako bidean, aldarri konkretuak zeintzuk diren ari gara xehatzen. Adibidez, Donostiako Udalaren eskumenen barruan dago etxez etxeko zaintza zerbitzua. Eskatzen duguna da publikoa izatea eta ez azpikontratatzea.
Erreakzio handi bat dago feminismoaren kontra. Feminismoaren gorakada apaldu dela uste duzu?
Mugimenduan ez dago atzerakadarik, nire ustez, leku askotan duela hiru urte bano hobeto gaude eta. Baina egia da, kontran zarata handia ari dela sortzen: mugimendu erreakzionario hori badago. Diskurtso garatuekin gainera: ezagutzen dute mugimendu feminista, eta gainera kontra daude. Eskuin muturra goraka doa, edo besterik gabe ikusgarritasun handiagoa ematen zaio orain.


