Donostian Gotzainen Batzarraren aurka agertutako kartelak ikertzeko eskatu dute Abokatu Kristauek
Abokatu Kristauek Donostiako Instrukzio Epaitegi bati eskatu diote iker dezala nor den hiriko autobus markesina batzuetan agertutako kartel batzuen egilea. Kartel horietan, fetu baten irudia, Gotzainen Batzarraren logotipoa eta ondorengo esaldia ageri ziren: “Orain abortatzen baduzu, norekin egingo dugu larrutan 5 edo 6 urte barru?”.
Erakunde horrek “iraingarritzat” jo du kartela, eta haren egilea edo egileak gorroto delitu baten, sentimendu erlijiosoen aurkako beste delitu baten eta egoera zibila usurpatzeko hirugarren delitu baten erantzule direla uste du.
Gainera, dagokion Instrukzioko Epaitegiari eskatu dio iker dezala markesinen enpresak kartelaren eta haren edukiaren berri bazuen. Polonia Castellanos Abokatu Kristauen presidenteak adierazi duenez, “beste erlijio bateko praktikanteei pederasta deitzeagatik zigorrak egon dira dagoeneko”. “Katolikoen aurka dena baimenduta dagoela dirudi. Justiziak ezin du zigorrik gabe utzi horrelako astakeria bat “, gaineratu du.