Ikusmina sortu dute Ibaetako jaietako herri kirolek

Ibaetako jaiak direla eta, herri kirolen jaialdia egin zuten igande arratsaldean Aitor Zabaleta plazan. 17:00etan jende asko joan zen bertara, harri jasotzaileak eta aizkolariak ikusteko. Inaxio Perurena aritu zen harriak jasotzen, eta bertaratu zirenek 250 kiloko harria altxatzen ikusi ahal izan zuten leitzarra. Aizkolariak, aldiz, emakumeak izan ziren. Oiartzungo Amalur Arbelaitz eta Iturengo (Nafarroa) Maika Ariztegi aizkolariek erakustaldi ederra eman zuten Ibaetan.
Gaur amaituko dira auzoko jaiak, umeen egunarekin. 17:00etan, feriak prezio erdian egongo dira haurrentzat, Aitor Zabaleta plazan. Gainera, Laser-tag partida egingo dute 16:00etatik 19:00etara, Donostia Laser Parkean (Portuetxe, 53 b). 9 urtetik gorakoentzat da, eta parte hartu ahal izateko, aldez aurretik deitu behar da 673-43 88 28 zenbakira.
Hona hemen herri kiroletan egindako argazki galeria:




















