'20.000 especies de abejas' filmak hasiko du aurtengo Giza Eskubideen Zinemaldia
Sail ofizialeko film luzeen aurrerapena aurkeztu du Giza Eskubideen Zinemaldiak.
Estibaliz Urresolak zuzendutako 20.000 especies de abejas filmak inauguratuko du apirilaren 21ean Viktoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia, udaleko Giza Eskubideen arloak eta Donostia Kulturak antolatua.
Urresolaren lehen filma den honek, arrakasta izan du Berlingo Zinemaldian, besteak beste, Sofia Otero basauriarrak Berlingo aktore onenaren Zilarrezko Hartza irabaziz. Gazteleraz eta euskaraz grabatutako filmak haur transexualen errealitatea du ardatz.
Urtero bezala, zinemaldia hainbat gai eta istoriotara hurbilduko da, besteak beste: Irango fundamentalismo islamistaren aurkako erresistentzia, Ukrainako gerra, harkien historia –Aljeriako Gerran armada frantsesaren bandoan borrokatu zuten soldadu aljeriarrena–, XX. mendeko migrazioak, Mendebaldeko Sahararen gaurkotasuna eta Errumaniako gazteriaren egoera Ceaucescuren garaian. Ohikoa den eran, proiekzioen ondoren egingo diren solasaldietan aktualitateko hainbat gairen inguruan sakonduko da, filmetako ordezkarien eta giza eskubideen arloan lan egiten duten pertsona, aktibista eta erakundeen parte hartzearekin.
Aurten, Zinemaldiaren Saria Carmen Castillo idazle eta zinemagile txiletarrari emango zaio, eta haren filmik ezagunena, Calle Santa Fe (2007), saio berezi batean proiektatuko da. Dagoeneko zabalik dagoen erakusketa bat eskaintzen zaio Okendo Kultur Etxean.
SAIL OFIZIALEKO FILM LUZEEN AURRERAPENA
Les Harkis (2022). Philippe Faucon. Frantzia-Belgika
Aljeriako Gerran, baliabiderik gabeko gazte aljeriar askok bat egiten dute Frantziako armadarekin: harkis izenekoak dira. Salah eta Kaddour horietako bi dira, eta unitate batean amaitzen dute, Pascal tenientearen agindupean. Gatazkaren egoera dela eta, Aljeriaren independentzia hurbiltzen ari dela eta harkien halabeharra zalantzan dagoela aurreikusten da. Pascalek nagusiei aurre egiten die bere unitateko gizon guztiak Frantziara aberriratzea lortzeko.
Interdit aux chiens et aux italiens (2022). Alain Ughetto. Frantzia-Italia-Belgika-Suitza-Portugal
XX. mendearen hasiera, Ughettera, Italiako iparraldea, Ughetto familiaren etxea. Eskualdean bizitzea oso zail bihurtu da, eta Ughettoek beste leku batean beren egoera hobetzea dute amets. Kondairak dioenez, Luigi Ughettok Alpeak zeharkatu zituen Frantzian bizitza berri bat hasteko, eta horrek betiko aldatu zuen familiaren halabeharra. Bere bilobak bidaia bat egiten du denboran zehar haren historia gogoratzeko.
Mariupolis 2 (2022). Mantas Kvedaravicius. Lituania-Frantzia-Alemania
2022an Mantas Kvedaravicius zinemagile lituaniarra Mariupolera (Ukraina) itzuli zen, 2015ean filmatu zuen jendearekin berriz elkartzeko. Tamalez, Errusiar eraso batean hil zuten. Hil ondoren, bere ekoizleek eta kolaboratzaileek indar guztia jarri dute bere lanarekin jarraitzeko eta proiektu hau bere ikuspegiari jarraituz amaitzeko. Zinemagile gisa, han gertatzen ari denaren testigantza utzi nahi zuen Mantasek, hedabideen eta politikarien zaratatik urrun. Indar eta sentsibilitate handiz, dokumental honek bizitzak bonben azpian nola jarraitzen duen kontatzen du, eta tragedia eta itxaropena erdi bana konbinatzen dituzten irudiak erakusten ditu.
Metronom (2022). Alexandru Belc. Errumania-Frantzia
Bukarest, 1972. Anak 17 urte ditu eta maitasuna eta askatasuna ditu amets. Gau batean, lagunarteko festa batean, Metronomi gutun bat idaztea erabakiko dute, Free Europe irratiak Errumanian ezkutuan transmititzen duen musika-saioari. Une horretan iritsiko da Securitate-a, Ceaucescuren polizia sekretu beldurgarria.
No Bears (Khers nist, 2022). Jafar Panahi. Iran
Bi maitasun-istorio paralelo dira, non bikoteak gaizki irtengo diren oztopo ezkutu eta saihestezinengatik, sineskeriaren indarragatik eta boterearen mekanikagatik. Pelikula hau existitze hutsa miraria bat da ia. Jafar Panahik klandestinitatean filmatua, atxilotua eta 6 urteko kartzela zigorra –duela bi hilabetetik bere etxean betetzen ari dena– ezarri baino lehentxeago, No Bears maisulan bat da zinemagile irandar honen filmografian. Bere artearekin, gizartearekin eta adierazpen askatasunarekin artistak hartua duen konpromisoaren monumentu bat.
Tetuán (2022). Iratxe Fresneda. Euskal Herria
Bizitza errealeko esperientzietan oinarrituta, Iratxe Fresnedak bidaia pertsonal batean murgilduko gaitu. Iraganak eta orainak bat egingo dute ikus-entzunezko esperientzia hunkigarri eta sentsorial batean. Danubio ibaiaren ertz lasaietatik hasi eta Madrilgo bizitza asaldatuan amaitu arte, lau istorio elkartu eta galduko dira Tetuan filmaren misterioetan.