Okendo Aldeko plan berezia behin betiko onartu du udal gobernuak
Donostiako Udal Gobernuak gaur onartu du U.01 Manteo-AU.01.4 Okendo-Alde azpieremuaren Hiri Antolamendurako Plan Berezia. Hedabide honek atzo aurreratu moduan, proiektuari aurkezturiko alegazio guztiak baztertu dituzte.
Horrela, Gros eta Ulia tartean dagoen Okendo Alde eremua bost lurzatitan banatu dute. Nafarroa etorbidearen pareko lurzatian eraikiko du Basque Culinary Center fundazioak Gastronomy Open Ecosystem (GOe) izeneko bigarren egoitza. Aldiz, eremuaren albo bakoitzean adinekoentzako eta gazteentzako eraikin bana eraikiko dituzte –guztira, 90 etxebizitza–. Azkenik, dagoeneko eremuan dauden bi eraikinak mantenduko dituzte: Okendo Kultur Etxea eta Xabier Zubiri Manteo institutua.
Eneko Goia alkateak adierazi duenez, BCCk lanekin urrian hastea aurreikusten du. Izan ere, fundazioa da Gastronomy Open Ecosystem (GOe) egoitza eraikiko duena. Bestalde, adinekoentzako eta gazteentzako etxebizitzen proiektua idazteari ekingo dio udalak.