Tren geltokiko babesturiko elementuak desmuntatzen ari dira
Atotxako tren geltokia berritzeko lanak aurrera doaz, eta bukatzerakoan Abiadura Handiko Trenaren (AHT) Donostiako geltokia izango da. Une honetan, geltokiko elementuak botatzen eta desmuntatzen ari dira. Zehazki, Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plan Bereziak (EHOBPB) babesturikoak desmuntatu, gorde eta berriz jarriko dituzte geltoki berria eraikitzerakoan. Aldiz, babesik gabeko elementuak bota eta berreraikiko dituzte.
Euskal Trenbide Sarea da obrako arduraduna, eta hedabide honi babesturiko elementuak zeintzuk diren argitu dio. Batetik, egungo markesina kontserbatuko dute, geltokia estaltzen duen egitura. Jean Biarez ingeniari frantsesak egina da, Alexandre Gustave Eiffelen kolaboratzaile izandakoak. Bestetik, Maria Kristina zubiaren aurreko zutabedia mantenduko dute. Horren helburua da egungo geltokiaren arkitektura errespetatzea.
Lanak bukatzeko aurreikuspenari dagokionez, ETSk epea zertxobait luzatu du. Orain, 2024ko urte bukaerarako edo 2025eko hasierarako geltokiko obra bukatzea espero dute.