Udal musika eta dantza eskolako emakumeek estereotipoak hautsi nahi dituzte
Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak Martxoaren 8arekin bat egin du, eta Ausartu! abestiaren bideoklipa argitaratu du. Eskolako irakasle emakumeen konboak sortu eta grabatu du, eta bideoan adin ezberdinetako 38 ikasle, irakasle eta langile agertzen dira, denak ere emakumeak.
Berdintasun Batzordeak 2022-23 ikasturterako helburu moduan ezarri zuen abestia eta bideoa zabaltzea, neskak eta emakumeak musika modernoa jotzera bultzatzeko asmoz. Izan ere, berdintasunerako bidean aurrerapausoak eman badira ere, musikaren alorrean genero estereotipoek indar handia dutela ohartarazi dute, eta maila handi batean baldintzatzen dute pertsonek joko duten instrumentu edo musika estiloaren aukeraketa. Horren erakusgarri dira Donostiako Musika eta Dantza Eskolaren matrikulazio datuak. Orokorrean, musika irakasgaietan matrikulatutakoen % 51,46 dira emakumeak. Musika modernoan, aldiz, azken ikasturteetako matrikulazioan gutxiengo diren espezialitateetan sartzeko lehentasuna izan duten arren, 2023ko martxoan, emakumeak oraindik ere % 28,56 baino ez dira musika modernoko konboetan, % 15,38 big bandetan, % 23,96 baterian, % 28,30 gitarra elektrikoan eta % 33 baxu elektrikoan.
Egoera iraultzeko asmoarekin eta prozesuan ereduak gehitzeko asmoarekin, musika klasikoan, beste instrumentuetan eta dantzan trebatutako emakume irakasle talde batek konboa sortu zuen 2021. urtean, egunerokoan jorratzen dituzten instrumentu eta musika estiloez gain musika modernoan aritzeko, genero eta adin estereotipoak hautsiz.
Beatriz Hurtado irakasleak gidatuta, azken bi ikasturteetan blues, rock eta pop errepertorioa landu ondoren, aurten sormenari bide eman eta Ausartu! abestia sortu eta grabatu dute. Dabadaba aretoan, Miramongo anfiteatroan eta Altzako Roman Irigoien plazatxoan garbatu dituzte irudiak.