Realeko neskak Anoetara itzuliko dira, derbia jokatzeko
Txuri-urdinek San Mameseko derbia irabazi zuten pasa den denboraldian. (Argazkia: Reala) Anoetak beste partida handi bat hartuko du apirilaren 2an: emakumeen euskal derbia. Horrela, joanekoan San Mamesen egin zuten moduan, Realeko eta Athleticeko jokalariak buruz buru ariko dira estadio txuri-urdinean apirileko lehenengo igandean, 12:00etan.
Joanekoa Natalia Arroyoren neskek irabazi zuten, 1-3. Hala ere, partida parekatua izatea espero da, sailkapenean oso gertu baitaude donostiarrak eta bilbotarrak: zortzigarrena da Reala, eta hamargarrena Athletic. Realak denboraldi honetan Anoetan jokatuko duen hirugarren neurketa izango da, aurretik Bayern Munichen eta Levanteren aurka jokatu baitu, eta bi partidak galdu egin dituzte txuri-urdinek. Athleticen aurka, beraz, horri buelta eman nahi diote etxekoek.

