'Emakume zientzialarien argitan' solasaldi zikloa egingo dute udaberrian
Amara Berriko Ernest Lluch kultur etxea. (Argazkia: Donostia Kultura) Emakume zientzialariak ezagutzea helburu duen solasaldi zikloa egingo dute Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian. Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatu duten Emakume zientzialarien argitan solasaldiak udaberrian izango dira, hiru saiotan: martxoaren 14an, apirilaren 18an eta maiatzaren 16an.
Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Itziar Cortes Etxabe, Marian Iriarte Ormazabal eta Aiora Zabala Aizpuru. Besteak beste, azalduko dute zerk bultzatzen dituen ikertzera, zer galderari erantzun nahi dioten, zerk harritu dituen gehien eta zer zailtasuni egin behar dieten aurre. Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia dibulgatzaileak gidatuko ditu solasaldiak.
Lehenengo solasaldia martxoaren 14an izango da. Cortes izango da elkarrizketatua, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: Itziar Cortes Etxabe: hizkuntzak aro digitalean. Iriarte izango da bigarren elkarrizketatua. Polimeroak izango ditu hizpide, eta solasaldia apirilaren 18an egingo da, Marian Iriarte Ormazabal: kimika, egunerokoan izenburupean. Azken solasaldia Aiora Zabala Aizpururekin egingo da, maiatzaren 16an. Aiora Zabala Aizpuru: natura gure esku izenburua izango du.
Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan. Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahal izango dira.

