Berretsi egin dute Parte Zaharreko establezimenduetan toldoak jartzeko debekua
EAEko Auzitegi Nagusiak ez du onartu Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak Parte Zaharreko establezimenduen toldoen aferaren harira jarritako helegitea, eta, beraz, berretsi egin du auzoko fatxadetan toldoak jartzeko debekua. Efe albiste agentziak argitaratu du informazioa.
Prozesua 2018ko urtarrilaren 29an hasi zen, Donostiako Udalak Parte Zaharreko hainbat establezimenduri agindu zionean udal lizentziarik gabe jarritako toldoak kentzeko eta fatxadak lehengoratzeko. Handik urtebete ingurura, 2019ko martxoaren 5ean, Hirigintza Sailak 600 euroko isunak jarri zizkien agindua bete ez zuten establezimenduetako arduradunei, baina erabaki horren aurkako helegitea aurkeztu zuen ostalarien elkarteak, isuna jaso zuten 42 ostalariren izenean.
EAEko Auzitegi Nagusiak ebazpenean gogorarazi du Donostiako epaitegiak ere bere garaian ez zuela onartu elkartearen helegitea, «legitimazio aktiboa» ez izateagatik. Halaber, nabarmendu zuen Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak Parte Zaharreko Plan Berezia onartu zuela, eta, beraz, indarrean zegoela fatxadetan toldoak instalatzeko debekua.
Donostiako epaitegiak egin zuen moduan, EAEko Auzitegi Nagusiak ere atzera bota du ostalarien elkartearen helegitea. Hala ere, oraindik kasazio errekurtsoa aurkeztu dezakete Espainiako Auzitegi Gorenean.