Zuhaitzak landatuko dituzte, Añorga berdeago baten alde
Añorga berdeago, hormigoi gutxiago lelopean, igande honetan egingo duten zuhaitz landaketan parte hartzera deitu ditu bizilagunak Haritzalde Naturzaleen Elkarteak.
Izan ere, gaur, Tokiko Gobernu Batzordeak behin-behineko onarpena eman dio auzoko Belartza Goikoa eremu naturala “desagertaraziko” duen plan partzialari, eta zelaigune horretan beste industrialde bat egiteko bidea ireki du: “makropoligono misto bat Belartza Goikoan (Belartza 2), bere saltoki, hotelak eta guzti”. Haritzalderen ustez, Añorgarentzako “beste kolpe urbanistiko bat” da. Elkarteak auzoan egin nahi diren egitasmoetan fokua jarri nahi du, eta landareriarik gabeko eremua zuhaitzez hornitu nahi du.
Herri landaketa Añorga Txikin egingo dute, 10:30ean, auzoko muturraren eta bidegorriaren arteko eremuan, Antiguarako norabidean. Haritzaldek zuhaitzen landaketarako materiala eramango du.