50 milioi euroko inbertsioa, San Bartolome merkataritza zentro bilakatzeko
Robert Nieto donostiarraren Midfield Capital inbertsio sozietateak 2024ko uda ostean hasi nahi ditu obrak.
Midfield Capital inbertsio sozietateak berrogeita hamar milioi euro inbertituko ditu San Bartolomen 8.000 metro koadroko merkataritza zentroa eraikitzeko.
Robert Nieto donostiarrak zuzentzen du Midfield Capital, eta hainbat inbertitzaile eta enpresariek parte hartzen dute bertan, tartean, hainbat kirolari ezagunek. Udalak urtarrilean onartu zuen merkataritza zentroa eraikitzeko ateak irekitzen dituen San Bartolome berrantolatzeko plan berezia.
Nietok azaldu duenez, datozen asteetan aurkeztuko diote udalari eraikuntza eta paisaia proiektua, “eraikitzeko lizentzia lortzeko eta obrak datorren udaren ondoren hasteko asmoarekin”. Zortzi mila metro karratuko azalera komertziala izatea nahi dute, eta moda, elektronika, ostalaritza eta kiroletako supermerkatu eta lokalek hartuko dute.
Bestalde, lau solairuko aparkaleku bat eraikiko da, guztira 270 plaza izango dituena; horietatik berrehun txandakakoak izango dira eta hirurogeita hamar inguruan bizi direnentzat. Era berean, 250 bizikletentzako aparkalekua jarriko da.
New San Bartolome
Midfield Capitalek New San Bartolome sozietatearen bidez garatuko du proiektua, eta inbertitzaile pribatuek eta Donostiako Udalak berak parte hartzen zuten sozietateari erosi dio orubea. Orubea erosi eta merkataritza zentroa eraiki bitartean, taldeak kalkulatu du berrogeita hamar milioi euro inguru inbertituko dituela konplexuan.
2017an Robert Nietok sortua, Midfield Capitalek lokal ugari eraldatu ditu azken urteotan Madrilen, Malagan, Kordoban eta Burgosen, baita eraikin bat ere Valentziako Neptuno pasealekuan, hotelak ustiatzeko.