
Borrokatuta, baina Reala beste behin ere Europatik kanpo gelditu da, Erromaren aurkako final-zortzirenetan gol bakar bat ere sartu gabe. Erroman 2-0 galdu eta gero, bi aukera zeuden ostegunean Anoetan: gau historikoa izatea edo, gertatu zen moduan, txapelketatik kanpo gelditzea. Realzaleek kanporaketari buelta emateko itxaropena zuten, eta hasieratik bukaerara animatu zuten Imanol Alguacilen taldea (35.054 jarraitzaile bildu ziren Anoetan), baina ez zen nahikoa izan, txuri-urdinak makal ibili baitziren azken metroetan.
Erroma, Jose Mourinhoren gidaritzapean, eroso egon zen Anoetan, joaneko partidako abantailari eusteko helburu argiarekin. Lehenengo zatian gutxienez gol bat egitea garrantzitsua zen Realarentzat, baina lehenengo 45 minutuetan jokoa oso parekatua izan zen, eta ez zen ia arriskurik egon, ez area batean eta ez bestean. Aukerarik argiena italiarrek izan zuten luzapenean, korner batean gola egitera ere iritsi baitziren, baina epaileak bertan behera utzi zuen, Smallingek baloia eskuarekin ukitu zuelako.
Bigarren zatian, txuri-urdinek modu biziagoan jo zuten erasora. Minutu batzuez, Erroma bere zelaian sartuta izan zuen Realak, eta etxekoak etengabe saiatu ziren gola egiten, baina ez zuten asmatu. Sorlothek area barruan buruz errematatu eta baloia kanpora bidali zuen (gero jokoz kanpo adierazi zuen epaileak), Oiartzabalek langara errematatu zuen erdiraketa bat, Carlos Fernandezek aukera argi bat izan zuen, Zubeldiak ere… Baina ezin, baloiak ez zuen sartu nahi.
Reala bolada txar batean murgilduta dago, eta gol aukera batzuk izanda ere, hori argi gelditu zen Erromaren aurka. Izan ere, saiatuta ere, freskotasuna faltatu zitzaien txuri-urdinei; bereziki, Silva saiatu zen jokoa banatzen, eta Kubok freskotasun apur bat eman zion jokoari sartu zenean, baina ez zen nahikoa izan. Datorren denboraldian, ziur aski, Europan egongo da berriz Reala, beraz, orduan izango du Europan ibilbide luzeagoa egiteko aukera.
Istiluak partidaren aurretik
Neurketa hasi aurretik, istiluak izan ziren realzale batzuen, Erromako zale batzuen eta Ertzaintzaren artean. Izan ere, realzale talde batek Erromako zaleak estadiora zeramatzan autobusetako bat eraso zuen objektuak jaurtiz. Elkarri objektuak bota zizkioten Realekoek eta Erromakoek –inguruko terrazetako aulkiak eta mahaiak, botilak, edalontziak, eta abar–, eta Ertzaintzak kargatu egin zuen. Istilu hori lasaitu eta gero ere Ertzaintzaren beste karga bat izan zen, realzale batzuk, aurreko gertakariko talde berekoak, berriz objektuak jaurtitzen hasi zirenean. Azkenean, hiru lagun atxilotu zituen Ertzaintzak. Halaber, Realak gaitzetsi egin ditu gertakariak.