Donostian ordenagailu kuantikoa jartzeko akordioa itxi dute
IBM nazioarteko enpresa teknologikoa eta Eusko Jaurlaritza (Ikerbasque Fundazioaren bidez) akordio batera iritsi dira, Donostian ordenagailu kuantiko bat jartzeko. Ostegunean itxi zuten akordioa Madrilen, eta, horren harira, New Yorken bildu ziren ostegun arratsaldean IBMko presidente eta zuzendari nagusi Arvind Krishnak eta Hezkuntza sailburu eta Ikerbasqueko presidente Jokin Bildarratz, beste hainbat aditurekin batera.
Ordenagailu kuantikoa IBM Quantum System One bat da, eta Donostiakoa entitate zehatz bati eta bere erabiltzaileei eskainitako seigarrena izango da munduan. Gaur egun, Amerikako Estatu Batuetan, Alemanian, Japonian, Kanadna eta Hego Korean daude halako ekipamenduak.
Ikerbasque Fundazioak, Eusko Jaurlaritzaren bidez, 50,8 milioi euroko inbertsioa egingo du ordenagailu kuantikoa hirian jartzeko, eta hiru foru aldundiek egingo dituzten ekarpenekin osatuko dute inbertsioa. Jaurlaritzak azaldu duenez, “euskal erakundeek zientzia azpiegitura baterako inoiz egin duten inbertsiorik handiena izango da”. Hilaren 24an emango dituzte xehetasun gehiago.