380 etxebizitza berri Jolastokietan
Joan den asteartean Ekialdeko Barrutiko batzarrean aurkeztu zen hiri antolamendu berriaren zirriborroan jasotzen denez, Herrerako Jolastokieta harrobi zaharrean 380 etxebizitza eraikiko dituzte. %40 izango lirateke babes ofizialekoak (%20 babestuak eta %20 tasatuak) eta, horrekin batera, plaza bat, parke bat, bidegorria eta bi igogailu izango ditu guneak.
Proiektuan jasotzen denez, orubeko industria eraikinak desagertu egingo dira, eta baita ere Herrera pasealekuko etxebizitzak, eta horien jabeak birkokatuko direla baieztatzen da.
Zardoya Otis igogailuen enpresak iaz eraman zuen Herrerako lantegia Eskusaitzeta industrialdera, 20 milioi euroko inbertsioa egin ostean. Herripe bizilagun elkarteko kideen ustez, hain zuzen, azken urteotan egin dituzten aldaketek igogailu enpresaren “interesekin” lotura dute. 2022ko azaroan jaso genuen proiektu honek bizilagunen artean sortzen zuen kezka.