Loiolako Erribera: planoetatik komunitatera

Aberri Egun bateratua helburu, ekitaldia egingo dute Donostian

Aberri Egun bateratua ospatzea du helburu Euskal Herria Batera plataformak, eta, horretarako, ekitaldi bat egingo dute Donostiako Miramar jauregian, apirilaren 8an, Aberri Egunaren bezperan, Bagara, badugu lelopean. Euskal Herri osoko eragile sozialak, politikoak eta sindikalak gonbidatu dituzte ekitaldi honetara, baita kulturgileak, akademikoak eta kirolariak ere

“Gure asmoa da Aberri Eguna berriro izan dadila batzen gaituen hitzordu bat, ez banatzen gaituena”, adierazi du Ibai Zabala pilotari ohiak. Bilboko Done Bikendi Plazan egin dute aurkezpena, lehen Aberri Eguna amaitu zen lekuan, 1932an.

2020an, itxialdi betean betean egin zen moduan, herritarrei “keinuen bidez” Aberri Eguna ospatzeko deia egin diete, balkoietan ikurrinak eta Nafarroako bandera ipiniz.

“Gure xedea da Aberri Eguna lurralde guztietan, zazpi lurraldeetan, modu bateratuan ospatzeko baldintzak jartzea”», adierazi du Estitxu Garai unibertsitateko irakasleak. “Azken hiru urteotan bateratasunaren alde lanean pilatutako esperientziak erakutsi digu posible dela diskurtso bakarretik aldentzea eta hainbat lerro batu ditzakeen proiektu bat eraikitzea”, gehitu du Zabalak.

Bateratasun falta

Apirilaren 9an, urtero moduan, EAJk Bilbon egingo du ekitaldia, Plaza Barrian, Gure izaera, gure aberria leloarekin. EH Bilduk Iruñera joateko deia egin du, egun osoko jaia antolatuz. Jardun koordinadorak, berriz, Gernikan antolatuko du berea, “Euskal Herri langilearen identitatea” aldarrikatzeko.

HITZAkide HITZAkide