Beste Tokiko Energia Komunitate bat sortu du Petronorren filial batek Donostian
Gaur goizean, Garberako komunitate energetiko lokala aurkeztu dute, TEK Garbera, Altza-Intxaurrondo izenpean. Garberan jarritako eguzki palken bitartez, 100 etxebizitzen argindarraren %25 inguru ekoiztu nahi da. Joan den udazkenean Berion ireki zuten Donostiako lehen TEKa, diputazioaren ekimenez eta Edinor enpresaren bitartez.
Aurkezpenean izan dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio; Donostiako Udaleko Ekologia zinegotzi Marisol Garmendia; Unibail-Rodamco-Westfield taldeko berrikuntza eta jasangarritasuneko zuzendari Jose Maria Gonzalez; Garbera merkataritza guneko gerente Nuria Vegas eta Edinor enpresako kontseilari ordezkari Juan Diego.
Komunitate energetiko horrek energia berriztagarriak eta autokontsumoa sustatzea du helburu, eta Feu Vert mekanika tailerraren gaineko estalkian gauzatuko da. Merkataritza guneak eskaini du azalera hori, elektrizitatea sortu eta kontsumitzeko “eredu jasangarri hori” eskura izan dezaten Intxaurrondo eta Altzako familiek, haien etxeetan inolako instalazio lanik egin beharrik gabe. Aurreikuspenen arabera, 75 kW eta 142 plaka instalatuko dituzte Garberan, 670 m2-ko azalera erabilgarriarekin, eta instalaziotik 2 kilometroko erradioan dauden Altza eta Intxaurrondoko 100 etxebizitza energia berriztagarriz hornitu ditzaketenaz, autokontsumo erregimenean.
Energia eta dirua aurrezteko
Asensioren ustez, “bizi ditugun garaiotan, bereziki, egoera energetiko konplikatuarekin eta prezioen inflazioarekin, inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da familien etxeko zama ekonomikoa arintzea, eta faktura energetikoaren % 25 aurreztea oso bultzada positiboa da hori lortzeko. Aurreranzko bidean, energiaren demokratizazioa, erregai fosilekiko menpekotasun gutxiago edukitzearen aldeko kultura, eta eredu eraginkor, justu eta jasangarriago bat ditugu jomuga, eta aurrerabide horrek inguru honetan bizi diren pertsonen bizi-kalitatea hobetuko du”.
142 plakek 75 kW sortuko dituzte: energia berriztagarri eta deskarbonizatua izango da, % 100. Epe luzean eta Nazio Batuek 2030rako ezarritako Garapen Jasangarrirako Helburuak gogoan hartuta, atmosferara 420 CO2 tona isurtzea ekidingo dute; hala, instalazio horren baliokidea izango litzateke 25 urtez CO2a xurgatuko duten 1.680 zuhaitz landatzea (denbora hori baita plaken bizialdia).
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Saila hainbat ekimen sustatzen eta babesten ari da Gipuzkoako udalerrietan, mendekotasun energetikoa gutxitu, berriztagarrien erabilera sustatu eta autokontsumoa bultzatzeko helburuarekin. 2023ko lehenengo seihilekoari begira, “Gipuzkoako 37 udalerrirekin lanean ari gara, Gipuzkoako herrien erdiek haien komunitate energetiko propioak izan ditzaten”.
Zer da tokiko energia komunitate bat?
Tokiko energia komunitateek energia berriztagarriaren kontsumoarekin herritarrei eskaintzen diete aukera jasangarriagoa eta ingurumena gehiago errespetatzen duena. Energia Komunitateak eguzki plakak instalatzen ditu udalerriko eraikinen teilatuetan, kontsumitzen den energia elektrikoaren % 25 sortzeko, eta gainerako % 75a jatorri berriztagarriko energiaren erosketa bateratu baten bidez osatzen da, komunitateko kideei merkatuko preziorik onenetarako sarbidea bermatzeko.
TEKeko kide diren auzokoek beren elektrizitate fakturan aurrezkia izango dute, plaketatik kontsumitzen duten energia deskontatu baitzaie; energia autonomia handiagoa izango du, plakak beren etxean bertan instalatuko balituzkete bezalaxe baita, baina inolako instalazio gehigarririk ez egiten behar izatearen abantailarekin. Energia % 100 berriztagarria denez, ez da CO2 isuririk egiten atmosferara. Eta hori guztia etxean instalazio gehigarririk egin beharrik gabe eta hornidura elektrikoa ziurtatuta.
Petronorrek “trantsizio energetikorako” duen filiala da Alba, eta horren parte da Edinor enpresa. Herritarrei aukera “jasangarri bat” eskaintzen die, energia Tokiko Energia Komunitateen (TEK) bidez.