Iñigo Castiñeirak hiriko bandera Kanchenjunga mendi tontorrera eraman nahi du
Apirilaren 9an abiatuko da Himalaiara Iñigo Castiñeira Lertxundi alpinista donostiarra, eta maiatza bukaeran Kanchenjunga mendiaren (8.586 m) gailurra egitea espero du. Gaur goizean aurkeztu du erronka udaletxean, Martin Ibabe Kiroletako zinegotziarekin batera. Izan ere, Donostiako Udalak babestu du Castiñeiraren espedizioa. Hori dela eta, Antiguako alpinistak hiriko bandera tontorreraino eramateko asmoa du.
Iaz Gipuzkoako alpinista onena izan zen Castiñeira, besteak beste, K2 mendia igo izanagatik. Dagoeneko hiru zortzimilako igo ditu, eta laugarrena nahi du: Himalaiako Kanchenjunga, munduko hirugarren mendi garaiena. Hamalau zortzimilakoak igotzea gustatuko litzaioke Antiguakoari.
Espedizioari dagokionez, konfiantzazko taldea osatu du eta bi hilabeteko iraupena izango du. “Mendi zaila da, baina talde indartsua gara. Niretzat garrantzitsuena denak onik itzultzea da, gailurra lortzen ez badugu ere. Mendia hor egongo da”, azaldu du Castiñeirak. Espedizioaren nondik norakoak udalaren webgunearen bitartez eta sare sozialetan emango ditu.
Hamar urte
Alpinismoan lau hamarkada daramatza Castiñeirak, eta azken hamar urtetan Himalaiari begira bizi da. 2015ean izandako ezbehar baten ondorioz, mendizaletasuna areagotu zitzaion. Izan ere, urte hartan Annapurna mendian izozte larriak izan zituen eskuetan. Ondorioz, zazpi falange anputatu zizkioten. Haren bizitzan mugarri izan zen gertaera hura. Mendira itzultzeko erronka areagotu eta 8.000 metro baino gehiagoko mendien tontorrak egitea du helburu. Orain arte igo dituenak hiru dira: Lhotse, Manaslu eta K2.