Zigor gogorra jaso du Realak
Levanteren eta Realaren arteko partida bateko une bat.Reala Realak Levanteren etxean jokatu zuen igandean, eta kolpe gogorra jaso zuen, 4-1 galdu baitzuen. Lehenengo zatia oso parekatua izan zen, baina Natalia Arroyoren neskek ez zuten ondo hasi bigarren zatia, eta etxekoek ez zuten barkatu. 47. minutuan ireki zuen markagailua Alba Redondok, eta 77. minuturako 4-0 galtzen ari ziren txuri-urdinak, Redondoren hat trick batekin. 84. minutuan sartu zuen Mirarik ohorezko gola.
Eskubaloian, Bera Berak matematikoki ziurtatu du liga lehen postuan bukatzea. Lorpena zaleekin ospatzeko aukera izan zuten Gaska kiroldegian, Porriñori irabazita (31-18). Denboraldiko lehen helburuetako bat lortu dute: Europako ligara zuzenean sailkatzea. Aldiz, ligako titulua lortzeko kanporaketa aurrerago jokatuko dute.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek ezin izan die aurreko jardunaldiko sentsazio onei eutsi, eta porrot batekin itzuli da Gironaren etxetik. Hiru jardunaldi baino ez dira falta liga bukatzeko, eta donostiarrak hamahirugarren postuan daude, baina behera begiratzeko arrisku handia dute.
Izotz hockeyan, kopako final-laurdenetako bigarren partida galdu du Txuri Urdinek, Puigcerdaren aurka. Gainera, kolpe gogorra jaso zuten donostiarrek, 8-0 galduta (3-0, 4-0, 1-0). Hirugarren partida larunbatean jokatuko dute, Huarteren aurka, eta irabazi egin beharko dute txapelketan aurrera egiteko. Izotz gaineko kirolekin jarraituta, Txuri Berri curling taldeak Espainiako txapelketa irabazi du, kategoria mistoan.
Belar hockeyan, Realak kopa jokatu du asteburuan, eta finalerdietan galdu ostean, dominarik gabe gelditu da. Izan ere, hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko neurketa 0-2 galdu zuen Terrassaren aurka.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 23. jardunaldia
- Levante 4 – Reala 1
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 20. jardunaldia
- Bera Bera 31 – Porriño 18
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 27. jardunaldia
- Girona 87 – Ibaeta Basket 63
Izotz hockeya
Gizonezkoen kopako final-laurdenak, bigarren jardunaldia
- Puigcerda 8 – Txuri Urdin 0

