Zer dute jokoan donostiarrek azaroaren 29an?

Bizilagunekin plataformak etxe turistikoei mugak jartzeko proposamenak aurkeztu ditu Eusko Legebiltzarrean

bizilagunekin Asier Basurto Bizilagunekin plataformako kidea (pantailan), Eusko Legebiltzarrean egindako aurkezpenean. (Argazkia: Bizilagunekin)

Bizilagunekin plataformak agerraldia egin zuen Eusko Legebiltzarreko Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean asteartean, Donostiako etxe turistikoen auziari erantzuna emateko proposamenak aurkezteko.

Alde batetik, “premia larria delako”, euren ustez lehenbailehen hartu beharreko neurriak aurkeztu dituzte: etxe turistikoak arautzeko orduan, hirian zonatan banatzearen logika gainditzea; etxe turistikoen jabetza pilaketari mugak jartzea; enpresek etxe turistikoak kudeatzea debekatzea eta etxe turistiko ilegalen eta araudien urratzea zigortzeko gaitasuna izango duen ikuskapen zerbitzu publikoa eta baliabidez hornitua sortzea.

Horrez gain, “desazkunde turistikoaren norabidean eta etxeturistikoak hiritik desagerrarazteko mekanismo gisa”, beste bi proposamen aurkeztu dituzte. Alde batetik, “Ipar Euskal Herrian eta Frantziako Estatuko hainbat hiritan indarrean dagoen konpentsazio neurria ezartzea”, hau da, alokairu turistikoan ezarri nahi den etxe bakoitzeko, merkatura ohiko bizitoki gisa baliatu ahal izateko moduko etxebizitza bat eskaintzeko betebeharra. Bestetik, “lizentzia murrizkorra eta iraungikorra aplikatzea: gehienez lau urtez, urtean egun kopuru zehatz batez (150 egunez lehenengo urtean, 100 egunez bigarrenean, 50 egunez hirugarrenean eta 25 egunez laugarrenean) jarduera turistikora bideratu ostean jabeari eta etxebizitzari behin betiko jarduera turistikorako baimena agortuko dion lizentzia”.

Udalaren neurriekin kritiko

Donostiako Udalak berriki hartutako neurriak kritikatu dituzte: “Turistifikazioaren makinaria indar betean hirian hedatzeko eta gailentzeko erraztasunak ematen aritu direnek ez dute sinesgarritasunik orain. Arazoa geldiarazteko aukera izan dute azken zortzi urteotan eta ez dituzte neurriak hartu. Orain, egoera larria denean eta hauteskundeak datozenean, arduratuta daudela eta irtenbideak dakartzatela diote egoeraren erantzule direnek. Badakite donostiarrak kezkatuta eta haserre daudela”.

Halaber, salatu dute udalaren neurria “oso partziala” dela: “Dagoeneko tramitazioan dauden 75 etxe turistiko inguru legez onartu daitezke. Horrez gain, lizentzia onartuta duten bost hotel proiektuk, gutxienez, aurrera jarraitzen dute”.

“Turistifikazioa hiriko gune batzuetara eta urteko garai batzuetara mugatutako fenomeno gisa aurkezten saiatzen ari dira aspalditik. Oso interpretazio okerra da. Turistifikazioa ez da ematen turistak paseatzen ibiltzen diren kaleetan soilik, jarduera turistikoaren gehiegizko hazkundeak eragin kaltegarriak dituen gune oro da turistifikazioaren biktima. Gure begietara, Donostia osoan eta hiriko mugetatik harago eragiten du fenomenoak”, gaineratu dute.

HITZAkide HITZAkide