Dock of the Bay jaialdiak egitarau paraleloa aurkeztu du
Marina Lameiro zinema zuzendari iruindarra. (Argazkia: Zinea.eus) Maiatzaren 1etik 6ra egingo dute XVI. Dock of the Bay musika dokumentalen jaialdia. Egitarau paraleloa iragarri dute antolatzaileek: Elkarrizketak eta Publiko Berriak atalak, Zinema Kontatua zikloa eta Dock Live! kontzertu emanaldiak.
Maiatzaren 3an eta 4an egingo dute Elkarrizketak atala, Koldo Mitxelena Kulturunean. Aaron Rodriguez Serranok koordinatuta, Nostalgiari buruz: zinema eta musika iraganarekin eta iraganaren aurka izenburupean egingo dute. Maiatzaren 3an, Isabel Fernandez konpositore eta epaimahaikidea, Felipe Rodriguez zinema kritikaria eta Laia Quilez ikus entzunezko komunikazioko irakaslea ariko dira hizlari moduan. Aldiz, maiatzaren 4an, Joan Pons Primavera Sound jaialdiko komunikazio zuzendariak, Yago Paris zinema kritikari eta epaimahaikideak eta Alba G. Mora editoreak parte hartuko dute.
Dock Live! programari dagokionez, Espanto eta Magia Bruta taldeak zuzenean ariko dira maiatzaren 3an eta 4an, 21:00etan Kutxa Kultur Klubean. Dock Live! diziplina arteko espazio bat da, musikaren, ikus-entzunezkoen eta arte eszenikoen inguruan lan egiten duten hizkuntzen eta artisten arteko bidegurutze izan nahi duena. Zuzeneko musikarekin loturiko jarduera gehiago ere egongo dira. Esaterako, maiatzaren 5ean Gastro Soul Party jaialdia egingo dute Gastronomiaren Euskal Kofradian, 21:00etatik aurrera. Dave Mack (Doncaster-Erresuma Batua), Gautxos (Mallorca/Bilbo), Roberto Tortuga (Baiona) eta Ritxi Skatalite (RGS) arituko dira, Reaggae Got Soul Kolektiboari esker.
Kontatutako Zinema
Tabakalerarekin elkarlanean, Kontatutako Zinema zikloaren saio bat antolatu du Dock of the Bay jaialdiak. Maiatzaren 3an izango da Tabakalerako zinema aretoan, 19:00etan. Gonbidatua, berriz, Marina Lameiro zinema zuzendaria izango da, eta euren zinemagintzari buruz ariko da. Batez ere, berak egindako bi film luzeen inguruan mintzatuko da: lagun-talde batekin egindako Young and beautiful (2018) eta Dardara (2021), Berri Txarrak musika taldearekin egindakoa.
Publiko Berriak atalaren barruan, Javier Poloren Europa en 8 bits film luzea proiektatuko dute Tabakalerako zinema aretoan, maiatzaren 5ean (10:00). Helburu nagusia da gazteak zinemara erakartzea eta musika dokumentalak haiei hurbiltzea. Filmak chip musikaren unibertsoa arakatzen du; musika korronte horretan, garai bateko kontsolak eta ordenagailuak berrerabiltzen dira musika sortzeko, hala nola GameBoy, NES, Atari ST, Commodore 64 eta Amiga.


