Zaintza pentsatzeko, eztabaidatzeko eta eraldatzeko liburua
Zaintzaren eztabaida erdigunean jartzeko Felix Arrieta Frutos (Gros, 1982) unibertsitateko irakasleak liburu berria argitaratu du gaur: Zaintzaren hariak. Oihal berri baterako bideak ehuntzen. Lehendik gaiari buruz idatzi badu ere, lehen aldia du euskaraz argitaratzen.
Aurreko lanen kezka beretik, baina eztabaida asko xehatuz, Euskal Herrian, eta bereziki EAEn zaintzaren gaiei lotutako “korapilo mataza” askatzea du xede, etorkizunean “adostasunak eraiki” eta “politika publikoetan eragina” izan dezan. Batzuetan, letrak letretan geratzen direla aipatu du Elkarreko editore Xabier Mendigurenek: “Kasu honetan, letrak ekintzetan loratzea”, bilatzea asmo dutela.
Azterketa eta proposamenak
Lau ataletan banatu du liburua. Lehenengoan, ongizate estatuaren ereduak zaintzaren alor guztiei zergatik ez dien erantzuten argitzen saiatzen da, besteak beste, gizarte zerbitzuek duten funtzio eta disfuntzio hainbat ikertuz. Bigarren atalean, Grosen kokatzen den Koro pertsonaiaren bitartez, adinekoen eta egoera zaurgarrian dauden pertsonen errealitatea islatzen saiatu da.
Hirugarren eta laugarren ataletan, berriz, proposamenak mahai gainera ekartzen saiatzen da. Aurkezpenean horietako hainbat aletu ditu: gizarte zerbitzuen eta osasun sistemaren arteko jarraikortasuna bilatzea, lehen arreta indartzea, zerbitzuen burokratizazio gutxitu eta leihatila bakarraren ideia sustatzea –Asterix eta 12 probak-eko eszena mitikoa ekarri du gogora–, eta, azkenik zaintza desfamiliarizatzea.
Azken ideia hau Demokrazia patriarkala liburutik atera duela aitortu du, eta, besteak beste, azaltzen dutenez, zaintza familiaren gain erortzea, askotan ez da hautu bat izaten. Hori bilatu beharko lukete zerbitzu publikoek, besteak beste.
“Politikoki zuzena” zela esan zion hasiera batean Mendigurenek Arrietarai, baina honek azaldu duenez, kontsentsuak lortzeko gai den ikuspegi bat mahai gainean jartzea da bere bertuteetako bat, eta defendatzen den eredu “publiko-pribatu-komunitario” hori, beste eredu batzuekin “talkan” dagoela.
Edonola ere, eztabaida mahai gainean dagoela, eta eztabaida horri ekarpena egin nahi dio liburu honekin Arrietak. Ahaztu gabe feminismoak egin duen ekarpena, eta, berari aitortza eginez, edukia “gehitu” egin nahi du Arrietak liburuxka honekin.