Garaipen garrantzitsua lortu dute txuri-urdinek
Realak irabazi egin zuen igandean Pozueloren aurka. (Argazkia: Reala) Realak puntu baliotsuak lortu zituen igandean etxean, Pozuelori 3-0 irabazita. Ruggieriren, Altunaren eta Sofiaren golei esker, txuri-urdinek erraz irabazi zieten murtziarrei, eta sailkapeneko goiko postuetara begira jarri dira, titulua irabazteko lehenengo laurek jokatuko duten kanporaketa jokatzeko helburuarekin.
Eskubaloian, aldiz, Bera Berak bikain bukatu du ligako fase erregularra; lehen postuan, eta bederatzi puntuko aldea aterata bigarrenari. Aldiz, hilabete bukaeran hasiko dira ligako titulurako kanporaketak. Asteburuko partidan, Barakaldo gainditu zuen 41-17. Ordea, atsedena hartzeko tarterik ez du izango Donostiako taldeak. Ostiralean kopako final-laurdenetako kanporaketa jokatuko dute Malagan Elxen aurka. Finalerdiak eta finala, berriz, asteburuan izango dira, hilaren 22an eta 23an.
Bestalde, ligak jakinarazi ditu titulurako kanporaketak. Bera Berak Xixonen aurka jokatuko du final-laurdenetan. Joanekoa hilaren 29an izango da Xixonen, eta itzulerakoa maiatzaren 6an, Donostian. Irabazleak Porriñoren eta Elxen arteko kanporaketako garailearen kontra jokatuko du finalerdietan. Eta finalerdia hiru partidara jokatuko da maiatzaren 13an, 19an eta, beharrezkoa balitz, 21ean. Valladolid-Malaga eta Atletico Guardes-Rocasa Kanaria Handia dira beste bi kanporaketak.
Futbolean, Realeko mutilek derbi txarra jokatu zuten San Mamesen, eta bigarren zatiko hamabost bat minutu kenduta, bizkaitarrak nagusi izan ziren neurketa guztian zehar. Horrela, Iñaki Williamsen bi golei esker, derbia Bilbon gelditu zen. Neskei dagokienez, berdinketa lortu zuten Alhamaren etxean. Horrela, emaitza bolada kaskarrarekin jarraitzen dute Natalia Arroyoren neskek.
Saskibaloian, Ibaeta Basketek modurik okerrenean bukatu du liga, etxean galduta. Valentzia liderra zuten bisitari, eta denboraldi kaskarra porrotarekin amaitu dute donostiarrek.
EMAITZAK
Belar hockeya
Emakumezkoen ohorezko maila, 15. jardunaldia
- Reala 3 – Pozuelo 0
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 22. jardunaldia
- Bera Bera 41 – Barakaldo 17
Futbola
Gizonezkoen liga, 29. jardunaldia
- Athletic 2 – Reala 0
Emakumezkoen liga, 25. jardunaldia
- Alhama 1 – Reala 1
Saskibaloia
Emakumezkoen liga, 30. jardunaldia
- Ibaeta Basket 58 – Valentzia 65

