"Martuteneko preso politikoei elkartasuna" adierazi die Ernaik
Donostiako Ernairen agerraldia Martuteneko espetxean. (Argazkia: Ernai Donostia) Gaur, apirilak 17, Preso Politikoen Nazioarteko Eguna da, eta, horren harira, Donostiako Ernaik agerraldia egin du Martuteneko espetxean. Nabarmendu dutenez, kartzela horretan gatibu dauden “preso politikoei elkartasun keinua” egin nahi izan diete.
“Gatazkaren konponbidean aurrerapausoak eman diren arren, bereziki dispertsioaren alorrean, gazteok jakin badakigu oraindik urrun gaudela gatazka politiko honen amaiera irudikatzetik. Izan ere, Euskal Herriak Espainiako zein Frantziako Estatuekin gatazkan jarraitzen du, gatazka horren oinarrian Euskal Herriaren ukapena eta erabakitzeko eskubidearen aitortza eza egonik”, salatu dute.
Halaber, “oraindik 165 preso baino gehiago eta hainbat errefuxiatu, iheslari eta deportatu” daudela nabarmendu dute. “Duela hamabi urte estatuekiko konfrontazio armatua amaitu arren, euskal preso politiko askok salbuespen legediarekin espetxeratuta jarraitzen dute. Presoen kaleratzea, urtetan luzatu den sufrimenduari bukaera emateko ezinbesteko urratsa izateaz gain, Euskal Herriko bakerako eta elkarbizitzarako urrats garrantzitsua izango litzateke. Hortaz, euskal gatazkari konponbidea emateko, gazteok presoen etxeratzea eta autodeterminaziorako eskubidearen aitortza exijitzen ditugu. Konpromiso irmoena dugu zuekin; zuen alde borrokan jarraituko dugu, azkena etxean izan arte”, gaineratu dute.
APIRILAK 17 // Preso politikoen nazioarteko eguna #gazteokzuekin 💙 pic.twitter.com/8BtzgoVO1W
— Ernai Donostia (@ErnaiDonostia) April 17, 2023

