Amara Berrin bi lagun "ilegalki eta kolpeka" etxegabetu dituzte, Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez
Donostiako Kontseilu Sozialistak Etxebizitza Sindikatuaren bidez salatu duenez, Amara Berrin etxegabetze bat izan da aste honetan: “Bi bizilagun bortizki kaleratu dituzte jabeak eta bi matoik, kolpeka eta dirua lapurtuz”. Gedar atariak argitaratutako informazioaren arabera, maizter bat eta berarekin zegoen pertsona bat dira kaleratutako bi bizilagunak, eta “kolpeka eta indarrez aterarazi” zituzten etxejabeak eta berarekin zihoazen “matoiek”. Horrez gain, informazio horren arabera, etxean zeukaten dirua lapurtu zieten. Gertatutakoa salatzeko, elkarretaratzera deitu du Etxebizitza Sindikatuak gaurko (hilak 21), Amara Berriko Irun plazan, 19:00etan.
“Horrelako egoerek argi adierazten dute jabeek duten inpunitatea nahi dutena egiteko”, adierazi dio sindikatuak Gedar atariari: “Legea, epaileak eta polizia haien alde edukita ere, ez dute lege horiek urratzeko inolako arazorik maizterrak etxetik botatzeko balio badie, biolentzia fisikoa erabiltzeraino”. Horrela, nabarmendu dute beharrezkoa dela “etxejabeen inpunitateari aurre egingo dion antolakuntza indartzea”. “Etxebizitzaren auzia, kasu isolatu bat izatetik harago, langile klasearen arazo bat da”, gaineratu dute.
Martxoan, antzeko beste kasu baten berri eman zuen Etxebizitza Sindikatuak, Amara Berrin bertan. Kasu horretan, bizilagunak etxean jarraitzen du, baina Etxebizitza Sindikatuaren arabera, kaleratua izateko arriskuan dago oraindik.
🔵Etxebizitza Sindikatua
— Kontseilu Sozialista Donostia (@Kontseilua_Don) April 20, 2023
Amara Berriko bi bizilagun bortizki kaleratu dituzte jabeak eta bi matoik kolpeka eta dirua lapurtuz.
ELKARRETARATZEA | Apirilak 21-19:00-Irun plaza
ETXEGABETZEAK GELDITU! pic.twitter.com/fiCvxANbQB