Donostia eraldatzeko proposamen feministei buruzko jardunaldiak antolatu dituzte
Plazandreok plataforma politikoak Emakumeen Etxearen laguntzarekin antolatuta, Proposamen feministak: nahi dugun Donostia jardunaldiak egingo dituzte datorren astean Donostian. Astelehenean (hilak 24) eta asteazkenean (hilak 26) egingo dituzte jarduerak, 19:00etan, Easo kaleko Convent Garden espazioan. Haurtzaindegi zerbitzua ere eskainiko dute, aurretik izena emanda, plazandreok@gmail.com helbidera idatzita.
Astelehenean, Donostiako Udalaren berdintasun politikak izango dituzte hizpide, orain arte egindakoa baloratzeko eta etorkizunerako proposamenak aztertzeko. Hiru alderdi politikotako ordezkariek hartuko dute parte: Elkarrekin Podemoseko Arantza Gonzalezek (koalizio horren zerrendako bigarrena izango da hauteskundeetan), PSE-EEko Ane Oiarbidek (egungo Berdintasun zinegotzia udalean) eta EH Bilduko Olaia Duartek (zinegotzia).
Asteazkenean, aldiz, proposamen feministei buruzko mahai ingurua egingo dute, eta hainbat gai jorratuko dituzte, hizlari hauekin: Edurne Aperribai (hirigintza eta generoa), Katia Reimberg Castelo eta Soraya Ronquillo (emakume zaintzaileak eta etxeko langileak), ELA sindikatua (zahar etxeetako langileen borroka), Mertxe Fernandez Boga (Ekialdeko Barrutiko berdintasun proiektuak) eta Iratxe Retolaza (espazio komunitarioak eta emakumeen ahalduntzea).